Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina eta etorkizuna”.
Sanmartzial bezperetako entseguak gain-gainean direla hitz egin dugu Olaskoagarekin.
Alardeko konpainiek auzoak ordezkatzen dituzte. Meaka auzoak konpainia du Alarde Tradizionalean, eta lehen aldiz, Alarde Parekidean ere konpainia izango du aurten. Azken urteetan konpainia berriak sortzen ari dira Alarde Parekidean; horietan parte hartzeko nahikoa jende dagoen seinale. Aurrera ari da Alarde Parekidea?
Alarde Parekidea, pixkanaka-pixkanaka, baina urtero ari da handitzen, kopuruek gora egiten dute. Horrek ahalbidetzen du dauden behar berriei erantzutea. Gure auzoan, adibidez, auzoko konpainiaren falta sumatu izan dugu orain arte eta aspalditik zegoen jende askoren ahotan konpainia sortzeko ideia. Kontuan izan Meaka Irungo auzorik zaharrenetakoa dela eta orain arte ez duela lekurik izan Alarde Parekidean. Azkenean, 2025 urtean, dagokion tokia hartuko du, eta hori bada, niretzat, bide onetik goazen seinale.
Orain arte ez du lekurik izan Alarde Parekidean, diozu. Jende falta?
Esango nuke, kopuruaz gain, zerikusia duela baita ere auzo txikia izatearekin: denok ezagutzen dugu elkar, eta horrek beti ez du errazten lehenengo pausoa ematea. Baina kopurua funtsezkoa da, jakina, gutxieneko jende kopuru bat beharrezkoa baita konpainia berri bat sortzeko, ezin duzu hutsetik hasi inor gabe. Joan den urteko uztailean galdetegi bat bidali genuen eta 100 pertsona baino gehiagoren baiezkoa jaso genuen, konpainia berria sortuko balitz parte hartuko luketela esanez; ikusi zen horrek eta ondoren egindako asanbladara gerturatu ginen lagun kopuruak bermatzen zuela Meaka konpainia sortzeko aukera.
"Auzo txikia gara, denok ezagutzen dugu elkar, eta horrek beti ez du errazten lehenengo pausoa ematea"
Kopuruez ari garela, Alarde Tradizionalarekiko aldea dago oraindik: Tradizionalean kopurua beheraka ari den arren, gehiago dira (iaz Tradizionalean 6.800 soldadu inguru atera zirela dio Alarde Tradizionalaren Juntak, 5.500 inguru zirela dio Alarde Parekidearen Juntak; eta Alarde Parekidean berriz, 2.200 herritar baino gehiagok desfilatu zuen). 29 urte pasa dira emakumeak lehenengoz alardean atera zirenetik, honezkero zifrak bestelakoak izango zirela pentsatzen zuen batek baino gehiagok…
Kopuruak direnak dira, hori ezin da ukatu, hor gaude. Baina egia da oso pozik gaudela gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean. Eta beraiek dira gure herriaren oraina eta etorkizuna. Hori da guretzat gauzarik garrantzitsuena.
Belaunaldi kontua da beraz…
Urteek aurrera egin ahala, belaunaldi berriak gero eta gehiago gerturatuko dira gure alardera, nik hala uste dut, eta joera horri eustea da helburua.
Salto egin dezagun kuantitatibotik kualitatibora. 2023an, adibidez, lehen aldiz Irungo alkateak eta udalbatzak harrera egin zioten Alarde Parekideari ere.
Atzetik presioa jasaten dutelako, kanpotik, ez bereziki Irungo herritarren partetik. Azken finean, gizarteak aurrera egiten duen moduan, bere ohitura eta tradizioek ere hala egiten dute, eta bide horretan ari gara. Pertsonalki, Irungo Udalari konpromiso irmoa eskatuko nioke, auzi honetan busti egin behar duela uste dut, alardeak publikoa izan behar duelako eta eskubideez ari garelako: herritar guztiok eskubide berberak izan beharko genituzke, baita jaietan ere. Momentuz, benetan busti ordez, ongi geratzearen aldeko hautua egin du Udalak; urte asko pasa dira eta ez dugu ezer askorik aurreratu, Udalari dagokionean.
Sarri, bai Udaletik bai hainbat sektoretatik ematen den mezua da Irunen ez dagoela gatazkarik, bakoitzak nahi duen moduan bizi dezakeela festa, normaltasun osoz; herritarra nahiago duen alardean atera daitekeela, eta beraz “denak pozik”.
Baina hori ez da errealitatea. Bi alarde daude, baina hasteko, aukerak ez dira berdinak, eta orain arte Meakak konpainiarik ez izatea, Meakako auzokide naizen aldetik bertako konpainian soldadu atera ezin izatea, adibide txiki bat baino ez da.
Mezu horren atzean dagoen asmoa da gaiari garrantzia kendu nahi izatea, inor busti behar ez izateko. Baina lehen esan dut: eskubideak ukatzeaz ari gara eta neurriak hartu behar dira. Noski badagoela gatazka bat Irunen, eta horren erakusgarri da alarde bataren eta bestearen ordutegiekin dauden eztabaidak eta abar; guztian akordioetara iritsi behar badugu da atzean gatazka bat dagoelako.
Beste herri batzuetan, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo, aldaketak egiten dituzte eta ez da halako gatazkarik sortzen. Gurean enkistatuta jarraitzen duen gatazka honi ez diot zentzu handirik ikusten.
"Irun eta Hondarribia, herri bakoitza bere bidea egiten ari da, baina ametsa bera da: alarde bakarra, publikoa eta berdinzalea"
Irunen bi alarde daude. Hondarribian aldiz, Alarde Tradizionala dago eta konpainia parekide bat (Jaizkibel), aldarrikatzen duena alardean denok elkarrekin atera ahal izatea. Horrek, nolabait, gatazka agerikoago egiten du Hondarribian.
Herri bakoitza bere bidea egiten ari da, baina ametsa bera da: alarde bakarra, publikoa eta berdinzalea.
Iritsiko da egun hori?
Iristea nahi dugu… 29 urte pasa dira dagoeneko, konturatu gabe pasa direla dirudi, baina denbora asko da, eta gauden puntuan gaude. Nire esperantza da iritsiko dela, eta horretarako egiten dugu lan, momentu hori iritsi dadin.
Nola irudikatzen dituzu aurtengo Sanmartzialak?
Orain arte soldadu gisa desfilatu dut beste konpainia batzuetan [beheko irudian], baina aurtengo Sanmartzialak bereziak izango dira niretzat: gure auzoak dagokion tokia izango du behingoz Alarde Parekidean, eta ziur hunkituta eta emozioz beteta biziko ditudala. Ekainaren 30eko lehenengo pausoak auzotik abiatuko ditugu…
Lehen aldiz kapitaina izateak dakarren urduritasunarekin ere biziko ditut jaiak, noski. Baina ongi pasako dugu, hori seguru, azken batean jaiak ongi pasatzeko ere badirelako, eta orain arte egin dugun lan guztiaren emaitza (konpainia berri bat sortzeak baduelako lana) jai egun handian islatuko delako.