Iruñeko zezenketak: momentua heltzen ari da

  • Zezenketak debekatzeko borroka luzea bada ere, ez dago zalantzarik sanferminetan ere gero eta protagonismo gehiago hartzen ari dela. Eztabaidan, maiz entzuten eta irakurtzen da zezenketen kontrako jarrera bultzatzen dutenak nagusiki kanpokoak direla, hori pisuzko argudioa izango balitz bezala.


2018ko uztailaren 16an - 18:39

Argi dago sanferminetako protesta animalistetan parte hartzen duten pertsona asko Iruñetik eta Euskal Herritik kanpokoak direla. Hala eta guztiz ere, sanferminetan dauden zezenketen kontrako ekimenen parte-hartzaileak heterogeneoak dira, bai jatorriz (Euskal Herrian gero eta indartsuagoa da gai honi buruzko kontzientzia baita animalien aldeko taldeak ere) baita ikuspegian ere (beganoengatik zezenketekin bukatu baina entzierroa mantentzearen aldekoengana). Eztabaida hiritik bertatik edo kanpotik bultzatu den erabiltzeak benetako hausnarketa ekiditen saiatzea da. Alde batetik, errotua dagoen ohitura batek arazoa bere osotasunean ikustea zail dezakeelako. Kanpoko kritikak, alderdi batzuetan hanka-motz gera badaitezke eta beste kasu batzuetan hanka sartu badezakete ere (era orokorrean, ez bakarrik kanpotik hona begira; hemendik beste herri eta errealitateetara begira ere), gutxienez aztertu behar dira. Akaso Ibarreko zezenaren kontrako mugimendua Tordesillas-etik sortu da? Krudelkeria horren aurka presioa egitea lortu dutenak ez ziren nagusiki herrikoak. Ausartuko ginateke esatera kanpotik sortutako eztabaida bat dela eta ez dugula Tordesillakoen idiosinkrasia ulertzen? Ausartuko ginateke esatera herrialde batzuetan ablazioa edo emakumeek burka eramatea edo etxetik ezin ateratzea zerbait kulturala dela eta kanpotik ezin dela kritikatu? Kultura, ohitura, idiosinkrasiez gain badaude eskubide batzuk, haien artean, adibidez, animalia bat gizaki batzuen gozamen sadikorako torturatua ez izateko eskubidea. Kanpotik zein barrutik etorrita, zezenketaren kontrako argudio nagusia oso sinplea da: errespetua.

Badaude ere eztabaida beste terminoetan planteatzen dutenak: zezenketa batzuei gustatzen zaiela eta beste batzuei ez, eta elkar errespetatu behar dutela. Hala ere, arazoaren funtsa ez da, kasu honetan, herriaren borondatearen kontu bat, erreferendum baten bidez konpontzen dena (nahiz eta, neurri batean, aurrerapauso bat izan). Hemen, eskubide urraketaren subjektua ez dira zezenketa-zaleak edo zezenketaren aurkakoak; zezenak dira. Har dezakegu guk eskubidea erabakitzeko ea animaliak torturatzen diren ikuskizun bezala? Imajina dezakegu erreferendum bat europar kolonialisten artean Afrikarren esklabismoa mantentze ala ezabatzeari buruz? Zilegi izango zen erreferendum hori.

Iruñean ikusitako irudiek eta komunikabide batzuek jasotako kronikek agerian utzi dituzte, beste behin ere,  sektore ezkertiar eta herrikoien kontraesan nabariak. Benetan, oso deigarria egiten da Iruñetik paseatzea eta “eraso sexistarik gabe, Iruña aske” kartelak leku askotan ikustea, arlo horretan udaletxetik eta beste kolektiboetatik emandako aurrerapausoen seinale, baina, aldi berean, 8 egunetan zehar hil arte torturatzen diren 48 zezenen inguruko inolako enpatiarik ez adieraztea

Zezenketena ez da kontu ekonomiko bat ere. Hiri batzuetan, Gasteiz kasu, zezenketak bertan behera geratzearen arrazoia udal-kutxarako defizitarioa dela izan da. Honek zezenketak hirian gero eta sostengu gutxiago daukala agerian uzten badu ere, ez dio heltzen auziari. Kasu batzuetan praktikan laguntzen badute ere, zezenketaren gaiari heltzeko hain zabalduta dauden halako ikuspegi hutsek kutsu antropozentriko oso markatua daukate, askotan egoista eta oinarrizko enpatia gabekoak izateaz gain.

Zezenketak mantentzeak mahai gainean jartzen du beste galdera bat ere: ea 2018. urtean, sapiens sapiens omen diren subjektu askok ezin duten jaiez gozatu animalien erabilera eta tortura publikorik gabe. Ikertzekoa da ere nola, autokonplazentziazko jarrera eroso batetik, bere burua solidario, moderno, sostengarri edota irekitzat hartzen duen jendarte batek onartzen duen halako praktikak oraindik mantentzea, nahiz eta gero eta jendearen zati handiago bat kontra egon.

Iruñean ikusitako irudiek eta komunikabide batzuek jasotako kronikek agerian utzi dituzte, beste behin ere,  sektore ezkertiar eta herrikoien kontraesan nabariak. Benetan, oso deigarria egiten da Iruñetik paseatzea eta “eraso sexistarik gabe, Iruña aske” kartelak leku askotan ikustea, arlo horretan udaletxetik eta beste kolektiboetatik emandako aurrerapausoen seinale, baina, aldi berean, 8 egunetan zehar hil arte torturatzen diren 48 zezenen inguruko inolako enpatiarik ez adieraztea. Are gehiago, Udalak berak finantzatzen du zitalkeria hori. Eraso hori normala eta onargarria omen da, guztion gozamenerako.

Antzeko zerbait esan daiteke eguzkiko tendiduari buruz. Zenbait aldiz entzun dugu kontrajartze hori: eguzkitan peñak eta sektore herrikoiak, itzalpean dauden sektore boteretsu, kontserbadore eta espainolisten muturraren aurrean aldarrikapen sozial eta politikoak erakutsiz. Hala ere, bereziki mingarria egiten da euskal presoen aldeko pankarta erraldoia edo German-en hilketaren salaketa ikustea aurrean bertan odol ikuskizun bat garatzen ari den bitartean. Ezin da ulertu injustizia eta zapalketa batzuen aurrean sentsibilitatea adierazi eta beste errealitate zital honen aurrean beste aldi batera begiratzea. Jakin badakigu plazara joaten den jende asko ez dela bereziki zezenketa-zalea. Giroa edo askariagatik joaten omen dira horietako asko, hondarrean gertatzen denari so egin gabe, baina han egotea eta abonua ateratzea sarraski horren konplizea izatea da ere. Eta alkohola eta jaia ezin dira izan aringarri. Zezenari sufrimendua ez diote arintzen.

Beste egunean euskal komunikabide batek murrikaz jasotzen zuen uztailaren 7ko zezenketen kontrako kalejiraren kronika, han geundenok 200 bat lagun ginela esanez eta aldi berean 20.000 eserlekuko zezen plaza betearekin alderatuz. Errealitate hori gogorra da, bai, oraindik lan asko egin behar den adierazle. Luzea da jendarte honi egiteko geratzen zaion bidea, sektore herrikoietatik alderdi aurrerakoiek gobernatutako erakundeetara. Izan ere, plaza gero eta hustuago egon beharko luke. Eta plaza betetzeak zezenketak sostengatzea da, zezenketa-zaleak izan ala ez.

Antiesklabistekin, sufragistekin, askatasun sexualaren defendatzaileekin edota alarde-parekidearen aldekoekin bezala, aberrazio honekin bukatzeko borrokak bere fruituak emango ditu. Zezenketen debekatzea zabalduz doa eta Iruñera ere helduko da. Kontua da ahalik eta azkarren egitea, ahalik eta biktima eta tortura-une gutxien bidean uzteko.

Iñaki Etaio.
Zezenketen aurkakoa.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Materialismo histerikoa
Zer da berria

Ez dira taberna batean ausartu, baizik eta Instagramen, Facebooken, edo email batean (mundu digitalean ere badira zaharkituak: email hori Hotmailekoa izan daiteke oraindik, pentsa). Zuzeneko lehen musuen ondoren, Whatsapp eta Telegram bidez, poltsikotik iritsiko zaizkie laztan... [+]


2024-03-17 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunitatea

2024ko Arkitektura Pritzker Saria arkitekto japoniar bati esleitu zaio: Riken Yamamoto-ri. Bere izena tekleatzen baduzue, bere izenari lotuta dauden eraikin irudiak ez dira bereziki deigarriak. Deigarria dena da Pritzker sariak oraindik ere eraikin berriak eta oparoak egitearen... [+]


2024-03-17 | Diana Franco
Teknologia
Zirkuitua hackeatu

Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude