argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Udaletxe Plaza goraino beteta sexu erasoen aurka
  • Asteburuan Iruñeko Sanferminetan izandako sexu eraso larria salatu dute ehunka herritarrek astelehenean. Udaletxe Plazan egin dute elkarretaratzea Gora Iruñea eta Eraso Sexisten aurkako Emakumeen Plataformak deituta. Hainbat udal ordezkari ere han ziren.

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 14a
Iruñeko Udaletxe Plazan egin dute elkarretaratzea Gora Iruñea eta Eraso Sexisten aurkako Emakumeen Plataformak deituta (argazkia: Ekinklik)

“Intentsitate handiko sexu erasoa” salatu dute mobilizazioan. Uztailaren 9tik 10erako gauean, 19 urteko neska bat Alde Zaharreko lokal bateko komunean erasotu zuten hainbat mutilek. Publikatutako informazioen arabera, neskaren lagunek lortu zuten hura komunetik ateratzea, atea behartuta. Salaketa jarri du neskak eta ikerketa abian da.

Plataformak eta Gora Iruñea elkarteak adierazi dute ugariak direla Sanferminetan emakumeek jasaten dituzten erasoak, eta horiek guztiak salatzeko deia egin diete emakumeei: ukipenak, irainak, piropo sexistak, eraso fisikoak, nahiz begirada desegokiak, guztiek eredu berari erantzuten diotela salatu dute: “Muga hor dago. Emakumeok ez dugu zertan gustoko ez dugun ezer onartu”, adierazi du Zuriñe Altabe Plataformako kideak. “Ezetza ezetz da”, borobildu du.

Modu horretako erasoei erantzun soziala eman behar zaiela nabarmendu dute mobilizazioaren deitzaileek, “herritar guztien ardura baita bestelako jendarte eredu bat bultzatzea, indarkeria sexista gaitzetsiko duena eta emakumeok sufritzen ditugun erasoei erantzuna emango diona”.

Udaletxe Plazako elkarretaratzeaz gain, astelehen  gauerdian, Alde Zaharreko tabernek ordu erdiz musika kendu dute erasoa salatzeko.