Hackerrek profilean billete sorta bat jarri dute, eta ustelkeriaren eta politikarien aurkako mezuak eta irainak zabaldu dituzte. Ordu batzuk igarota Udalak kontuaren kontrola berreskuratu du.
“Kontu hau ustelkeriagatik izan da hackeatua”, idatzi dute hackerrek. Kontua blokeatua izan aurretik, zenbait txio zabaldu dute. Denak gazteleraz eta hizkera sexista erabilita tarteka.
"Manifestari, ekintzaile, kazetari eta herrialde honengatik egunero lan egiten duen jendearentzat. Jakin elkarrekin putakume ustel hauek herrialdea gobernatzeari uztea eta Espainia herrialde handi bat izatea lortuko dugula, edonork jatea bezain oinarrizkoa den zerbaitetarako aukera gehiago izango duena", zioen txioetako batek.
Hurrengoan, Iruñeko alkate Enrique Maiaren argazkia txertatu eta bera hiltzearen aldeko txioa idatzi dute: "Hil ezazue putakume hau, edo gosea pasa dezala, jakin dezala zer den kalean bizitzea edo pistola bat buruan jarrita lapurreta jasatea. Herritarrek egunero bizi duten egoeretako bat gutxienez bizi dezala". Astelehenean Valentziako Udalaren kontua ere hackeatua izan dela jakinarazi dute egileek, ohartarazpen bat eginez: “laster denak eroriko dira”.
Hiru bat ordu ondoren Udalak kontuaren kontrola berreskuratu du. Maiak gertatutakoa ez dela “atsegina” adierazi du, baina “oso gutxi” eragin diola toki guztietan daudelako “txoriburuak”.