Naiz hedabideak jakitera eman duenez, Iruñeko Udalak hiru haur eskolatara mugatuko du euskarazko eskaintza 2021-2022 ikasturtean. Navarra Suma buru duen udal taldeak Izartegi eta Goizeder haur eskoletan soilik eskainiko du euskarazko lerroa 0-3 adin tartearentzako. Eta lehen aldiz Printzearen Harresi haur eskolan euskarazko lerro bat zabalduko dute 0-1 urte bitartekoentzako, tartean ingelesezko eta gaztelerazko jarduerak sartuta. Oso urrun dago planteamendu hau, Haur Eskolak Euskaraz plataformak eskatu zuenetik: hiriaren lau zonaldeetako bakoitzean euskarazko eskaintza egotea. Hori dela-eta, plataformak manifestazioa deitu du ostiral honetarako.
Hiru haur eskolatan hiru hizkuntza eredu izango ditu Iruñeak hurrengo ikasturtean: Txantrea auzoko Izartegin euskarazko murgiltze eredua dute lehenagotik eta Arrotxapea auzoko Goizeder haur eskolan eredu elebiduna. Arrosadiako Printzearen Harresi haur eskolan jarri nahi dutena eredu elebiduna (euskara-gaztelera) ingelesezko jarduerak gehituta da. "Esperimentu" hitzarekin definitu duen hau urtez urte joango dira Printzearen Harresiren eskaintzan txertatzen, eta beraz, hurrengo ikasturtean 0-1 urteko haurrekin egingo da, 2022-2023 ikasturtean 1-2 urte artekoekin eta 2023-2024 ikasturtean 2-3 urtekoengana iritsiko da.
Naiz hedabideak gogorarazi du aurreko udal taldeak ezarri zituela Printzearen Harresi haur eskolan eta Donibanen euskarazko lerroak, eta 2019ko abenduan eten egin zituela Nafarroako Auzitegi Gorenak.
Iruñeko Udaleko EH Bilduk nabarmendu du hirian euskarazko haur eskolen eskaera %38,5ekoa dela eta ingelesezko jarduerak gehitzea Enrique Mayaren gobernuak "euskara hizkuntza gutxitu mantentzeko duen obsesioaren" ondorio dela. Dudan jarri du behar beste zaintzailerik egongo den perfil bikoitza izango duena (B1 ingelesa eta C1 euskara).
Haur Eskolak Euskaraz plataformak manifestazioa deitu du
Haur Eskolak Euskaraz plataformak eskatua zuen hiria lau eremutan banatu eta horietako haur eskola bakoitzean euskarazko murgiltze eredua eskaintzea. Udalaren planteamenduak ez duenez haien eskaera asetzen, manifestazioa deitu du urtarrilaren 29, ostiral honetarako: 18:00etan Hezkuntza sailetik abiatuko da.