“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako hainbat elkartek.
Elhadji Ndiaye 42 urteko senegaldarra 2016an hil zen, Iruñeko komisarian; bertara eraman zuen Poliziak, kalean atxilotu ostean. Hainbat lekukoren arabera, atxiloketa bortitza izan zen eta Ndiaye autoan sartu zutenean konorterik gabe zegoen. Heriotza argitzeko eskatu izan du eragile ugarik, baina ez da inoiz inor epaitu kasuagatik. Horrela kontatu genuen ARGIAn.
2017an, atxiloketaren lekuan “Bizitza da handiena / Beltzen bizitzek axola dute” plaka ezarri zuen SOS Arrazakeriak. Orain, elkarte horrek eta El Hadji gune autogestionatuak komunikatua atera dute, plaka desagertu dela salatzeko. “Esan gabe doa berriro jarriko dugula”, adierazi dute. “Hau ez da kasualitatea, faxismoak, gorroto arrazistaren bandera erabiliz, gure auzo eta herrietan bere burua ezarri nahi du. Guk ez zaituztegu gure auzoetan onartuko”. Gorroto horren aurrean, arrazakeriaren aurkako antolaketa aldarrikatu dute.
"Hau ez da kasualitatea, faxismoak, gorroto arrazistaren bandera erabiliz, gure auzo eta herrietan bere burua ezarri nahi du"
"Nahikoa dela esan beharko genuke"
Kezka bera abiapuntu, elkarretaratzea antolatu dute asteazken arratsalde honetan, 19:00etan, Irungo San Joan plazan, Arrazakeriarik ez lelopean. Irun eta Donostiako hainbat eragilek deitu dute protestara, tartean SOS Arrazakeriak eta bi hirietako Harrera Sareek.
“Pixkanaka, gizartean, tantaka, ideia arrazistak eta faxistak barneratzen ari dira. Baita tradizio antifaxista duten herri eta auzoetan eta beren burua arrazistatzat ez duten pertsonen artean ere”, ohartarazi dute. Segurtasunaren izenean Irunen azkenaldian “gorroto-diskurtsoa gure kaleetan zabalduz eta hainbat gazte kolektibo mehatxatuz” dabiltzan herritar patruilak jarri dituzte adibide: “Arrazakeria antolatua eta egituratua dira, eta eskuin muturreko diskurtsoa zabaltzeko baino ez dute balio”.
Bizikidetza eta elkartasuna oinarri duten herritarren sareen gisako esperientziak ere badirela gogoratu dute. “Donostian, Hernanin edo Irunen zapalkuntzarik eta segregaziorik gabeko etorkizunaren alde lan egiten dugun erakunde eta pertsonok nahikoa dela esan beharko genuke berandu baino lehen”.