argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Labriteko zaldainak %500eko gainkostua izan du, 390.000 eurotik ia 2 milioira
  • 2010ean eraiki zen Labriteko zaldaina eta 390.000 euroko aurrekontua zuen. Azkenean 670.000 milioi euro balio izan zuen. Baina akatsak zirela eta zazpi urtez itxita egon ondoren, berriz konpondu zen, 1,6 milioiko kostuarekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urriaren 19a
Iruñeko Labrit kalea gainetik zeharkatzen duen zaldainaren konpontze lanak. (Argazkia X. Letona / ARGIA CC BY-SA)

Iruñeko Udalak aste honetan jakinarazi du konponketa lanen dosier guztia prest duela eta hasierako lanak gaizki egin zituzten pertsona eta enpresei erreklamatuko diela gainkostua. Boreas Nuevas Tecnologías SL, Oscar Pérez, José Carlos Pereda, eta Ignacio Olitek egin zuten proiektua eta zuzendu zituzten lanak. Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras SA eta TEUSA Técnicas de Restauración SAk osatutako ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteak bideratu zituen eraikuntza lanak.

Kontua da, besteak beste, Arian enpresa hartzekodunen konkurtsoan dagoela eta oposizioak zaila ikusten duela udalak diru hori berreskuratu dezakeenik. Horregatik, dirua erreklamazio horretan berreskuratu ezin bada, oposizioak uste du aurreko udal gobernuan operazioa bideratu zuten Navarra Sumako zinegotziek bermatu beharko luketela diruaren itzulera. Hori da atzo udaleko Hirigintza Batzordean oposizioak egin zuen eskaera.

Pasabide bat ikur politiko

Yolanda Barcinaren garaian eraiki zen zaldaina, baina 2016tik 2023ko otsailera itxita egon zen. Joseba Asirónek gidatzen zuen udal gobernuaren garaian, eta egindako txosten teknikoetan oinarrituta, udalak proposatu zuen zaldaina eraistea eta berria egitea. Baina tartean udal aldaketa egon zen eta Navarra Sumak hartu zuen gobernua. Enrique Maya alkate berriak erabaki zuen zaldaina konpondu egin behar zela eta horri ekin zion. Emaitza: proiektuaren hastapenetan 390.000 euroko aurrekontua zuen azpiegiturak bukaeran ia bi milioi euro balio izan duela, hau da, ia bost aldiz gehiago, edo bestela esanda, %500 gehiago.

Azpiegitura handien gainkostuak

Gainkostuak oso ohikoak izaten dira azpiegitura handien eraikuntzan, batzuetan lanetan izandako ezustekoengatik eta besteetan ordainketa moldeagatik, adibidez itzalpeko bidesarien bidez egiten direnean. Nafarroan azken kasu horietakoak dira Bideko Autobidea, Pirinioetako Autobidea eta Nafarroako Ubidea.

Nafarroako Kontuen Ganberak emandako datuen arabera, Bideko Autobidearen eraikitze lanen kostua 389,9 milioi eurokoa izan zen. Nafarroako Gobernuak 2032an bukatuko du ordaintzen diru hori –hura eraikitzen zuten enpresei–, eta orduan kostua 597 milioikoa izango da. Antzera Pirinioetako Autobidearekin: 271,4 milioi kostatu zuen eta 2039rako foru gobernuak 553,8 milioi ordainduko ditu.

Nafarroako Ubidearen kasuan, Lehen Zatiaren eraikuntzak 169,9 milioi balio izan zuen, eta 2036rako ordaintzen denean 314 milioi izango dira; eta Lehenengo Fasearen Zabalkundeak 157,9 milioi balio izan zuen eta 2044rako 269,8 milioi ordainduko dira. Aipatu lau kasuetan %40ren bueltako gainkostuak aurreikusten dira. Argi ikusten da sistema erosoa dela gobernuentzat, azpiegituraren eraikuntzaren hasierako unean gobernuak ez duelako dirurik jarri behar eta hori enpresek egiten dutelako, baina prozesuaren amaieran enpresek irabazi handiak dituzte eta gobernuen gastuak ia biderkatu egiten dira.