argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Hizkuntza Eskolako zuzendaritzako lau kidek elkartasuna adierazi diote Imanol Haranbururi
  • ETAko kide izatearren preso egoteagatik Nafarroako gobernuak izendapena atzera botatzearen aurka agertu dira. Haranburu euskarako irakasle titularra zen, eta Hizkuntza Eskolen zuzendaritzako kide izendatu zuen Nafarroako Hezkuntza Departamenduak.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 13a
Imanol Haranbururen izendapena atzera bota zuen Nafarroako Gobernuak UPNren salaketaren ostean. (Imanol Otegi/Argazki Press)

Komunikatua Patxi Telletxea, Josune Aranburu, Yolanda López eta Maite Casero zuzendaritzako kideek izenpetuta dago. Bertan azaltzen dute Haranbururekin lanean aritu direla zenbait urtez, eta “harro” esan dezaketela “bikaintasunez” lan egiten duen funtzionarioa dela. “Ez du merezi azken egunotan bizi izan duen nahasmen politikoa”, gaineratu dute. Zuzendaritzako lau kideek gogoratu dute Hezkuntza sailean parte izateko deitu zutela Haranburu, eta ez zuela bere burua aurkeztu.

Barikuan, Haranbururen izendapena Nafarroako Buletin Ofizialean agertu ostean, Nafarroako Gobernuak atzera egin zuen UPNk erabakia salatu ostean. “Erabaki honek ez du inolaz ere zalantzan jartzen herritar baten eskubideak, behin gizartearekin dituen zorrak ordainduta. Hala ere, egoerak galarazi egiten du kargu horretarako konfiantza ematea”, adierazi zuten gobernutik.

Lau sinatzaileek azpimarratu dute ez dietela galdetzen funtzionarioei euren iraganaz. “Funtzionarioen egoera zibil, sinesmen zein lehentasun politiko edo ideologikoak kontua izan gabe elkarrekin lan egingo dugu ahalik eta hezkuntza zerbitzu onena eskaintzeko gizarteari”, azaldu dute, “hori da Imanolekin egiten genuena, eta egingo duguna. Badakizu Imanol besoak zabalik hartuko zaitugula”.

Jarraipen Batzordearen “premiazko” batzarra

Izendapena atzera botatzea “akats larritzat” jo zuen EH Bilduk. “Gobernuak UPNren presioei men egitea onartezina da”, adierazi zuen koalizioak. Barikuan bertan, erabakia kritikatu, eta gobernuaren jarraipen batzordearen “premiazko” batzarra eskatu zien akordio programatikoaren sinatzaileei (Ahal Dugu, EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bai).

Nafarroako Gobernuaren erabakiak zalaparta handia sortu du Nafarroan. Santi Leone Iruñeko Hizkuntza Eskolako irakasleak Zuzeu-n salatu du gobernuak apenas itxaron duela “betikoen” presioen aurrean izendapena atzera botatzeko.