argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko haur eskoletan euskarazko plaza gehiago egongo ez dela salatu dute
  • Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatzen dituen Iruñeko bost haur eskoletan eredu linguistikoari dagokionez aldaketarik egingo ez dela salatu du Haur Eskolak Euskaraz plataformak. Horrek esan nahi du ez dela euskarazko plaza gehiago egongo. Sindikatuek eta Haur Eskolak Euskaraz plataformak mobilizazioak deitu dituzte ostiralerako.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 10
Hainbat familiak kritikatu dute gobernuak ez duela haur eskoletako euskarazko eskaintza hobetuko (Argazkia: Euskalerria Irratia)

2021-2022 ikasturterako aldaketak iragarri ditu Iruñeko Udalak haur eskoletako eredu linguistikoari dagokionez. Haur Eskolak Euskaraz plataformaren aburuz, baina, Iruñeko Udalak baino okerrago jokatu duenik bada: Nafarroako Gobernua. Nafarroako Gobernuak “Iruñeko haur eskolen mapa goitik behera aldatzeko” aukera zuela eta baliatu ez duela salatu du Haur Eskolak Euskaraz taldeak. Ñabartu duenez, gobernuak ez du aldaketa egin “ez duelako hala nahi izan”. Ofizialki jakinarazi ez arren, Hezkuntza Departamenduan dagoeneko Iruñeko haur eskolen mapa osatua duela adierazi du taldeak, eta gobernuak zuzenean kudeatzen dituen bost zentroetan aldaketarik egingo ez duela azpimarratu. Bost ikastetxe horietako bitan plazen erdiak euskaraz eskainiko dira, murgiltzerik gabe, eta murgiltze ereduko haur eskola bakarra izango da.

“Gaur-gaurkoz, aurkeztu dugun mapan ikusten denez, hamasei haur eskoletatik bakarrak edukiko du D eredua, eta beste bostetan, tokien erdiak euskarazko murgiltze eredurik gabe edota ingelesarekin eta gaztelerarekin nahastuta eskainiko dira. Iruñea erdia, hegoaldean bizi dena, ia lekurik gabe geratu da”, jakinarazi du Haur Eskolak Euskarazek.

Mobilizazioak ostiralean

Otsailaren 12an, ostirala, Iruñeko haur eskolako langileak grebara deitu dituzte LAB, CCOO eta Afapna sindikatuek. Haur Eskolak Euskaraz plataformak deialdia babesteko eskakizuna egin die gurasoei, egun horretan beren seme-alabak eskolara ez eramateko eskatuz. Greba egunaz gain, egongo da mobilizazio gehiago ere: plataformak manifestazioa deitu du ostiralean, arratsaldeako 17:30ean, Hezkuntza Sailetik Nafarroako Jauregiraino.