Nafarroako armarria irudikatuko dute maiatzaren 19an Iruñean. Bertaratzeko gonbita zabaldu du herri plataformak. Ekimena Gazteluko Plazan egingo dute, 12:00etan. Igandean Oteizan egin da erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketa. Nafarroako etorkizuna nafarren esku egon behar dela aldarrikatu dute antolatzaileek.
“Nafarroako autogobernua aldarrikatzeko eta eskumenen aurkako erasoak errefusatzeko jaieguna” izan nahi du, gaineratu dute. Azkenaldian foru legeei helegite dezente aurkeztu dizkiete Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, eta Kongresuak onartzen dituen lege organikoen aplikazioa salatu nahi dute antolatzaileek.
135 pertsonek hartu dute parte atzo egin zen galdeketan, 725 lagun zeuden bozkatzera deituta; parte-hartzea %18,62koa izan da. Antolatzaileen arabera, “Nafarroan jada 34 herritan erabakitzeko eskubidearen alde aurrerapauso esanguratsuak” eman dira. Oteizako bozketa kontuan hartuta, 9.969 nafarrek status politikoren inguruko auziaz bozkatu ahal izan du.
Borondate argi bat ageri dela berretsi dute arduradunek: “Nafarroan erabaki nahi dugu, eta herritarrei eragiten diguten auzi guztietan. Uste dugu borondate honekin Nafarroako herritar gehienok bat egiten dugula”.