argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz ikasi nahi duten hiru haurretatik birentzat tokirik ez Iruñean
  • Hala nahi duten hiru haurretatik batek baino ez du euskaraz ikasiko: datorren ikasturtean Iruñeko haur eskoletan eskaintzen diren tokietatik %11,7 baino ez dira euskaraz eta ez dira nahikoa egin diren 466 eskariei erantzuteko.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 26a
Larunbatean Iruñean euskararen alde egindako manifestazioko argazkia. (Argazkia:@maritxirdil)

Guztira 1.399 toki daude Iruñeko haur eskoletan, horietatik 164 besterik ez euskaraz. Iruñeko hemezortzi haur eskoletatik, bik bakarrik eskaintzen dituzte zerbitzuak hizkuntza horretan: Txantrea auzoko Egunsenti eta Izartegi haur eskolek.

Matrikulazio kanpainako datuak bildu dituzte Euskalgintzako taldeek, Sasoia elkarteak eta ELA, LAB eta EILAS sindikautek. Datuak Iruñeko Udalari emango dizkiote eta erantzuna eskatuko dute.

Orain arte eskaeren datuak mahai gainean jarri ez izana leporatu diete hiriko agintariei: “Orain erori dira mozorroak, agerian gelditu da egia, izen eta abizenekin jaso ditugu eskaerak”, adierazi du Gari Torregrosak, Sortzeneko Nafarroako koordinatzaileak Berriak jaso duenez.

Gainera, euskalgintzako kideek susmoa dute publiko egin diren datuak baino handiagoa izan daitekeela. Horregatik, helbide bat jarri dute euskarazko haur hezkuntza aukeratu duten gurasoekin harremanetan jartzeko: haureskolakeuskaraz@hotmail.com.

Joan den larunbatean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten Iruñeko kaleetan. Euskarazko haur eskolen beharra nabarmendu zuten, besteak beste, manifestazioan.