argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko espetxeko presoek tratu txarrak, birgizarteratzeko baliabide falta eta generoaren araberako desorekak sufritzen dituztela dio Salhaketak
  • Nafarroako espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak aztertu ditu elkarteak. Ondorioztatu du Nafarroako Gobernua kartzelaren kudeaketaz arduratu beharko litzatekeela.

Olaia L. Garaialde 2025eko ekainaren 06a

Presoen, preso ohien eta euren senideen eta adiskideen eskubideen alde lan egiten du Salhaketa Nafarroak 1988. urtetik. Espetxeak ixtea dute helburu, baina bitartean, sentsibilizatzeko, informatzeko eta pertsona horien baldintzak hobetzeko neurriak sustatzen dituzte. 2024. urtetik, Jendearen Arretarako Bulegoa eta Nafarroako Espetxeen Errealitatearen Behatokia martxan jarri dute. Horri esker, Iruñeko espetxean dauden pertsonen egoera aztertu eta Nafarroako espetxeen egoeraren mapatzea txostenean jaso dute. Libertad Frances, Leire Pueyo eta Andoni Burguete Salhaketa elkarteko kideek eman dute txostenaren berri, Iruñeko Kondestable aretoan. Gauza askoren artean salatu dituzte tratu txarrak, birgizarteratzeko baliabide falta eta generoaren araberako desorekak.

Orain arte egindako ikerketa guztiak 2012a baino lehenagokoak dira; hau da, espetxe berria egin aurretik eskuratutakoak. Horregatik, bi xede nagusi ditu txostenak. Alde batetik, Iruñeko espetxeko gabeziak eta eskubide urraketak identifikatzea, salatzea eta baldintzak hobetzeko gomendioak ematea. Bestetik, aztertzea zergatik hazi den Nafarroan preso dauden pertsonen kopurua. Sortu zutenetik %44,25 hazi da. Hazkundearen arrazoien artean azpimarratu dituzte, besteak beste, espetxe berria sortu izana eta 2021ean Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen eskumena hartu izana. “Horren ondorioz, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erreferentziazko zen Zaballako espetxea galdu du”, esan du Burguetek.

Baldintzak aztertzeko, Iruñeko espetxean dauden presoen profilari erreparatu diote. Datuen arabera, bigarren graduan dauden eta nazionalitate espainola duten gizonak nagusitzen dira, eta batez beste, berrogei urte dituzte. 2024ko abenduan 414 pertsona zeuden preso, eta horietarik % 94,4 gizonak ziren; gainerakoak, emakumeak. “Emakumeek espazio gutxiago okupatzen dutenez, desberdintasunak sortzen dira eta espetxeko egonaldia okerragoa da”, esan du Pueyok.

Delituei dagokienez, hurrenez hurren, gehiengoa dira ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren kontrakoak (%25,1), askatasun sexualaren kontrakoak (%14), osasun publikoaren kontrakoak (%13) eta genero indarkeriari lotutakoak (%12,2). Pueyok nabarmendu du ondarearen, ordena sozioekonomikoren eta osasunaren kontrako delituen artean lotura dagoela: “Presoen gehiengoa pobrezia eta bazterketa egoeran dauden pertsonak dira. Horrek agerian uzten du estatu mailako politika kriminalak horrelako sektoreen kontra gogorrago jotzeko bideratuta daudela”.

Presondegiko erregimenari dagokionez, %74,4 dira bigarren gradua daukatenak; %17,19 hirugarrena eta % 8,4 sailkatu gabeak. Hirugarren graduan daudenek “erdi-askatasuneko” erregimena daukate. Datu horiek espetxe arloan eskumena duten beste administrazio batzuekin alderatuz gero, Eusko Jaurlaritzarekin kasu, bikoiztu egiten da hirugarren gradua dutenen kopurua: “Horrek esan nahi du Nafarroan ez dagoela erregimen askeagoak sustatzeko asmorik”.

Kontuan hartu behar da ere Nafarroan errotuta dauden pertsona eta nafar guztiak ez daudela Iruñeko espetxean. Izan ere, 2020an 184 pertsona zeuden Nafarroatik kanpo preso, eta 2024an 246. “Sorterritik edo errotuta zauden lekutik urrun kondena pasatzeak ondorio larriak ditu preso, senide eta ahaideengan. Karga ekonomiko handia suposatzen du eta zaildu egiten du birgizarteratze prozesua eta aske uztea”, esan du Pueyok.

Eragileen eta erakundeen informazioari esker jakin dute espetxean ez dagoela neurri eraginkorrik bertan jasotako tratu txarrak eta torturak salatzeko

Irisgarritasun eta birgizarteratzeko programa falta

Kartzela berriaren azpiegitura ere aztertu dute, eta egun, bizitzeko prest diren moduluetatik soilik lau daude erabilgarri. Horietatik hiru gizonenak dira, eta bestea emakumeena. Gainera, salatu dute ez direla irisgarriak desgaituak diren pertsonentzat. “Makroespetxearen dimentsioak ikaragarriak izateaz gain, espetxea hiritik ateratzeak presoen periferizazioa dakar. Gainera, zaildu egiten du kartzelara heltzea, ez dagoelako Billabesarik [Iruñerriko garraio publikoa]”, esan du Pueyok. Muga fisikoez gain, beganoak, diabetikoak edota beste elikadura beharrak dituztenak behar bezala artatzeko elikadura gabeziak dituztela diote. Higienerako baliabide falta dago ere.

Birgizarteratzeko programei erreparatu diete, eta 2024ko urtarriletik irailera bitartean, 2.126 pertsonak hartu zuten parte espetxeko programetan: 1.929 gizonek eta 197 emakumek. Halere, datu horiek ez diete norbanakoei erreferentzia egiten, baizik eta asistentziari. Emakumeek programa horietara jotzeko duten aukera “mugatua” da, eta elkarteko kideen arabera, horrek agerian uzten du birgizarteratzeko aukeretan “desoreka nabarmena” dela: “Gainera, gizarte langile kopurua jaitsi dute, kasu  batzuetan lau izatetik bakarra izatera igaro dira. Horrek zaildu egin ditu presoek beren familiekin dituzten loturak, eta zuzenean eragiten dio birgizarteratze prozesuari”.

Eragileen eta erakundeen informazioari esker jakin dute espetxean ez dagoela neurri eraginkorrik bertan jasotako tratu txarrak eta torturak salatzeko. “Instituzioekiko dependentzia egoeran daude presoak eta kexak jartzeko beldurra eta tabua dago”, esan du Burguetek. Testigantzen arabera, tortura, tratu txar fisikoak, umiliazioak, indarkeria psikologikoa eta beste gauza asko erabiltzen dituzte presoen zein senideen kontra.

Gomendioak

Iruñeko espetxean dauden pertsonen bizi baldintzak hobetzeko zenbait gomendio proposatu dizkiote Nafarroako Gobernuari: giza eskubideak bermatzetik “gertuago” egongo den eredu bat sor dezan Nafarroako Gobernuak espetxe eskumena izatea; Nafarroako preso guztiei edo Nafarroan errotuta daudenei, hala eskatzen badute, Iruñeko espetxean zigorra bete dezaten erraztea; erregimen irekiko kondenen aldeko apustua egitea; osasun eta hezkuntza arloan giza baliabide eta baliabide material gehiago jartzea; gizarte-zerbitzuen eskumena ezartzea espetxean; eta gizarte zibilak osatutako Nafarroako Torturaren Prebentziorako Foru Mekanismoa sortzea.