Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.
Iruñeko espetxean dauden pertsonen egoera aztertu eta Nafarroako espetxeen egoeraren mapatzea izeneko txostenean jaso ditu emaitzak Salhaketa Nafarroak. Ekainaren hasieran aurkeztu zuten txostena Iruñeko Kondestable jauregian. Ertz askotatik behatu dituzte presoen baldintzak, eta osasunaren kasuan, ondorioztatu dute 2021ean Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, arreta “urria” dela oraindik. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak 2021etik 2023ra emandako datuak zein elkarteak lortutako lekukotzak baliatu dituzte espetxeko egoera aztertzeko.
Eskumenen transferentzia baino lehen lau mediku, hiru erizain, bi erizain laguntzaile eta farmazialari bat zeuden. Ostean, plantilla handitu dute. Lehen arretako egungo plantilla osatzen dute lau familia medikuk, lau erizainek, erizain laguntzaile batek eta administrari batek. Alabaina, mediku plaza bat bete gabe dago langile faltagatik. Horrez gain, odontologo bat, osasun mentaleko psikologo bat lanaldi osoz, astean bi egunez kontsulta pasatzen duen psikiatra bat eta erizain bat daude. Hala ere, Salhaketa Nafarroako kideek azaldu dutez, preso dauden pertsonek ez dute egunerokoan aldaketa handirik sumatu. Horregatik, uste dute beharrezkoa dela “benetako” eragina izanen duten neurri “eraginkorragoak” hartzea.
Osasun arreta berez unibertsala eta irisgarria izan beharko litzateke, baina salatu dute emakumeek, pertsona desgaituek eta administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonek “egiturazko berdintasunik eza” pairatzen dutela: “Batez ere gizonezkoei begira sortu dituzte azpiegiturak eta baliabideak. Hori dela-eta, kasu askotan emakumeek mugak izaten dituzten behar duten zaintza arreta jasotzeko”.
Desgaituak diren pertsonei dagokienez, ez dituzte behar dituzten baliabide eta laguntzak eskuragarri. Horrekin batera, egoera administratibo irregularrean dauden pertsona atzerritarrek ezin dute desgaitasuna aitortzeko prozesua abiatu. “Arretarik gabe zeuden... Makuluak edo gurpil aulkiak edo horrelakoak eskura zituzten, baina moduluaren barruan gainerako presoen tratu bera jasotzen zuten. Orduan, jendearen laguntasunaren arabera izaten zen. Baten bat zegoen eskaileretatik igo behar zena, baina zuk laguntzen zeniolako, bestela kasurik ez… Paso egiten zuten normalean”, jaso dute preso ohi baten bitartez.
Gaineratu dute "premiazkoa" dela depresioaren prebentziorako tailerrak eskaintzea eta langileak formatzea
Kartzela, gaixotzeko tresna
Lekukotzen bidez ere ondorioztatu dute kartzelak “nabarmen okertu duela” presoen osasun fisiko eta mentala. Zenbait pertsonek kontatu dute drogen presentzia “ikaragarri handia” dela espetxean. “Botikak banatzen zituztenean, batzuek aitzur ederra hartzen zuten… droga-azoka bateko ilara baten modukoa zen”, kontatu du preso batek. Osasunbideako datuen arabera, osasun mentaleko diagnostikoen erdia substantzia psikotropikoak kontsumitzeak eragindako buru eta jokabide nahasmenduengatik izan dira. 2022an 129 pertsona artatu zituzten, 2023an 189 eta 2024an 164. Hala ere, 2024ko datuen kasuan, abuztutik abendura bitartekoak falta dira.
Arreta hobetzeko zenbait gomendio ere eman dituzte; adibidez, osasun metalari lotutako diagnostikoak dituzten pertsonak, pertsona desgaituak, 70 urtetik gorakoak eta gaixotasun larriak edota sendaezinak diren gaitasunak dituzten pertsonak kartzelara ez sartzeko neurriak hartzea edota egonaldia “ahalik eta laburrena” izatea. Gaineratu dute “premiazkoa” dela depresioaren prebentziorako tailerrak eskaintzea eta langileak formatzea.