argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko espetxearen “gabeziak” eta presoen pilaketa salatu ditu Salhaketa elkarteak Nafarroako Parlamentuan
  • Nafarroako espetxe egoeraren mapatzea txostena aurkeztu du elkarteak Nafarroako Parlamentuan, 2024. urtean jasotako datuekin eta Iruñeko espetxeko presoen testigantzekin. Presoek salatu dute pilatuta dituztela moduluetan, eta batzuetan jipoiak eman dizkietela espetxeko funtzionarioek. Nafarroako Gobernuak espetxe osasunaren eskumena hartu zuenetik osasun mentalari eskainitako arretak hobera egin duela azpimarratu du Salhaketak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 30
Iruñeko espetxearen goitiko irudi bat.

Libertad Frances, Leire Pueyo eta Andoni Burguete Salhaketa elkarteko kideek aurkeztu dute txostena asteartean Nafarroako Parlamentuan, eta elikadurari eta higieneari dagokionez Iruñeko espetxeari atzeman dizkioten "gabeziak" aipatu dituzte. Horretarako, 2024. urtean bildutako datuak nahiz bertako hainbat presoren testigantzak baliatu dituzte: txostenak jaso duenez, egun 414 preso daude makrokartzelan, horietatik %94,4 gizonak eta %5,6 emakumezkoak.

2012an ireki zutenean, Iruñeko espetxeak hamabost modulu zituen zabalik; egun, ordea, soilik sei daude irekita, txostenaren arabera. Horregatik, eremu handi bat hutsik izan arren, presoak "pilatuta" dauzkatela salatu du elkarteak. "Presoen gizarteratzea eta ongizatea bermatzeko", hirugarren graduan dauden presoen ehunekoa "dezente handiagoa" izan beharko litzatekeela esan du Francesek: izan ere, gradu horretan Iruñeko espetxean dauden presoak %17,19 dira, eta kartzelatik atera ezin direnak edo bigarren graduan daudenak, aldiz, gehiengoa –%74,4–.

Elikadurari dagokionez, Salhaketako kideek salatu dute dieta bereziak falta direla diabetesa edo bestelako gaitzak dituztenentzat, eta presoak "behartuta" daudela behar dutena kartzelako ekonomatuan erostera. Espetxeko funtzionarioen "tratu iraingarria, umiliagarria eta bortitza" jasan duten hainbat presoren testigantzak ere bildu ditu txostenak: besteak beste, euren aurka "immobilizazio sistema mekanikoak" erabiltzen dituztela adierazi dute presoek, eta zenbaiti jipoiak ere eman dizkietela.

Osasun mentalari eskainitako arreta, salbuespena

Iruñeko espetxeari atzemandako "gabeziez" gain, azken urteetan hobera egin duen kartzelak eskainitako zerbitzu bat ere aipatu dute Salhaketako kideek: hain zuzen, osasun mentalari eskainitako arreta. Nafarroako Gobernuak eskuduntza hori 2021eko ekainean hartu zuen bere gain, eta geroztik "nabarmen hobera" egin du elkartearen arabera. Bide horretan jarraitzeko eskatu dio Salhaketak Nafarroako Gobernuari, "espetxe eskumen guztiak lortu arte". Gainera, txostenak bildu du Nafarroako 246 herritar daudela Espainiako Estatuko beste kartzela batzuetan –gehienak Logroñon eta Zueran–, eta horiek Iruñeko kartzelara lekualdatu ditzala eskatu die elkarteko kideek Espainiako Gobernuari.