argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko Alde Zaharreko etxegabetzea geldiaraztea lortu dute
  • San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko ekainaren 04a
Etxegabetu nahi zuten Ana Belen 57 urteko emakumea kalera jaitsi da eskerrak emateko bertan bildutakoei. X. Letona / ARGIA CC BY-SA

57 urte ditu Ana Belenek eta 2016tik bizi da bikotekidearekin etxebizitza horretan alokairuan. 09:00etarako zegoen deituta etxegabetzea, eta ordurako 100 bat lagun zeuden bilduta eraikinaren atarian, pankarta baten atzean. Etxegabetzea gauzatuko ez zela jakin denean, Ana Belen kalera jaitsi da eta eskerrak eman dizkie bertan bildutakoei.

08:00ak pasatxo Espainiako Polizia iritsi da Kale Nagusitik, eta kasko eta istiluen gainerako hornidura guztiarekin San Lorenzo kalera sartzeko imintzioa egin du, baina ez dira sartu eta furgoneten barruan Kale Nagusiaren hasieran gelditu dira. Desjabetzea etxebizitzako azken pisuan zen, 6. pisuan, ataria eta eskailerak seguruenik jendez beteta egongo ziren, eta gaur goraino iristea ez zen erraza izango. Poliziak atzera egitea erabaki du.

Iker Narbona Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak azaldu digu nola hasi zen etxegabetze prozesua: “Prozesua hasi zen etxeko jabeak ez ziolako kontratua luzatu nahi. Hasieran moratoria eman zioten, lortu zuten atzeratzea, baina aurten kendu diote. Ikusten ari gara, azken boladan, epaileek kasu askotan kentzen ari direla moratoriak aitzakia nahiko bortxatuekin”.

Narbonaren esanetan, “bloke hau osorik etxejabe handiena da, bi neba-arreba dira, eta beste halako bloke batzuk ere badituzte Iruñean. Gainera, haien etxejabe ardurak albo batera utzi dituzten horietakoak dira: hau oso pisu zaharra da eta ez diote kasurik egin erreformak behar izan dituenean. Legalitateak ematen die zilegitasuna negozioa egiten jarraitzeko, emakume bat bere etxetik botatzearen kontura. Horren aurrean, hor egon behar dira antolakuntza eta borroka, guztiz zilegi delako emakumeak hemen bizitzen jarraitzea”.

Idazkari judiziala iritsi denean, Ana Belenen abokatua, Poliziarekin eta Etxebizitza Sindikatuko kideekin hitz egiten aritu da luzez. Azkenean, 10:10ean sindikatuko kideak bilkurara hurbildu dira eta halaxe mintzatu zaie bertan bildutakoei: “Albiste on batekin gatoz, etxegabetzea gelditzea lortu dugu”, adierazi die Narbonak, eta bertaratutakoek txalo zaparradarekin jaso dute notizia.

“Argi izan –jarraitu du Narbonak–, ez dute etxegabetzea gauzatu hemen gaudelako. Beraiek nahi zuten isilpean gauzatzea etxegabetzea, baina berriz erakutsi dugu antolakuntza eta borrokarekin lortu daitekeela etxegabetzeak gelditzea. Ez dakigu zenbat denboraz izango den, baina garrantzitsua da borrokan jarraitzea horrelakok lortzeko. Poliziak joan dira dagoeneko, kontzentrazioa desegingo dugu, baina ahal duenak hemen inguruan jarrai dezala badaezpada”.

Goizean goizetik hamarnaka lagun zeuden bilduta etxearen atarian. (Arg.: X. Letona / ARGIA / CC BY-SA)

 

Aldeak luzez aritu dira negoziatzen kale nagusian, eta azkenean ez da etxegabetzea gauzatu. (Arg.: X. Letona / ARGIA CC BY-SA)