argia.eus
INPRIMATU
Iruñean euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzera dei egin du euskalgintzak
  • Prentsaurreko jendetsua eginen dute ostiralean, eguerdiko 12:30ean, Iruñeko Udaletxe plazan. Helburua Iruñean euskaraz bizitzeko eskubidea da. Ordu berean, osoko bilkura eginen dute Udaletxe barruan, Navarra Sumak proposaturiko euskararen ordenantza eztabaidatu eta bozkatzeko. Eskuinak atzera egin nahi du hizkuntza eskubideetan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko azaroaren 19a

Iruñeko euskalgintzak indar erakustaldia egin nahi du, hain zuzen, hizkuntza eskubideetan atzera egin nahi duen Navarra Sumak bere ordenantza onartu nahi duen unean. Ostiralean, arratsaldeko 13:00etan hasiko da osoko bilkura, euskararen ordenantza berria mahai gainean duela.

Iruñean atzerapausorik ez eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko prentsaurreko jendetsua egitera deitu dute, “Maia entzun Iruñea euskaldun!” lelopean. Agerraldira, “Euskaraz bizi nahi dut” ikur eta kamisetekin joatera dei egin dute.