Kolektiboak salatu du, UPN, PSN, PP eta Geroa Baik, Maravillas gaztetxekoei egotzi diela Mikel Castillori omenaldia antolatzea, beraiek direnean agurra aurrera eramaten dutenak
Irailaren 18an, 19:00etan egingo zaio Castillo ETAkide ohiari omenaldia eta Mikelen memoria auzo ekimenak argi utzi nahi izan du beraiek direla agurra antolatzen dutenak. “Ez dugu gure oroimen historikotik indarkeria poliziala ezabatzen utziko. Orain arte egin dugun bezala, urtez urte jarraituko dugu Mikel gogoratzen”, adierazi dute.
Espainiako Poliziak Iruñeko Alde Zaharrean 1990ean tiroz hildako Mikel Castillo ETAkideari irailaren 18an omenaldia egingo diola iragarri du gaztetxeak. Oroimenaren inguruko ekitaldietan, besteak beste, bi zine emanaldi antolatu dituzte, bata Operación Ogro Carrero Blanco agintari frankistaren hilketari buruzkoa eta bestea La fuga de Ezkaba, 36ko Gerrako ihesaldi ezagunaz.
Ekitaldi hauen harira, manifestuaren sinatzaileek gogor salatu dute gaztetxekoek 36ko fusilatuen memoria eta ETAren jarduna lotu izana. Haien ustez, horrekin manipulatu egiten dutelako “lur honetako memoria errepublikarra”. Ordukoa aztertu eta landu dutelako, are eta argiago ikusi dutela biolentziaren “ondorioak zeintzuk diren eta honek dakartzan eragin dramatikoak”. “Kontraesan argia da ETAren mundua eta bere jarduera autoritarioa Maravillas Lambertorekin, Ezkabako iheslariekin edo Nafarroan fusilatutako 3.452 pertsonekin lotzea”.