Duguna Iruñeko dantzariek Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza karrikaratu dute beste behin Iruñeko alde zaharrean. Arrotxapeko zubian bandera dantzatu eta banderapetik ezpata-dantzariak pasa ondoren abiatu da kalean gora segizioa. Ezpata-dantzariak 40tik gora, 4 azkendari, zerbitzaria, banderaria, lantzaria, bi bobo eta 8 arku-dantzari, 60 dantzaritik gorako taldea eta beste 20 musikari, txistulari eta sokazko talde artean.
Santo Domingo kalean Sanfermin-en irudiaren aurrean dantzatu ondoren, udaletxe plaza zeharkatu du segizioak eta zubia eta dantza artean iritsi da Aldapako Sanferminen kaperara. Arku-dantzaz gozatu dute bertan bildutako ikusleek eta dantzari, musikari eta ikusleek piperropilak eta moskatela dastatzeko aukera izan dute. Sanferminen irudiari piperropila eskaini ondoren, ezpata-dantza dantzatu da haren aurrean eta prozesioa abiatu da. Udaletxe plazan jendetza zain zen ezpata-dantzariak iritsi direnerako. Zubi, ganbara, arrosa eta parrilla, ezpata-dantzaren figura eta aldaerak dantzatu ondoren, karrika-dantza bizian itzuli da taldea Aldapako Sanferminen kaperara, kapitainaren eta zerbitzariaren arteko dantza eta azken arku-dantzaren ondoren, dantzari, musikari eta inguruko lagun guztiak sokara batu eta harizko taldearen doinura irradakan dantzan borobildu dute ekitaldia.
Irudiak: Oier Araolaza. Iruñea, Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza, 2025-09-28.