Batxilergoko euskarazko zentroa hartuko duen eraikinean obrak lehenbailehen hastea eskatzeko mobilizazioa egingo dute Irunberrin ekaianren 16an, Nafar Pirinioetako hainbat eskualdetako guraso elkarteek deituta. 2023ko irailean martxan egotea nahi dute, ikasleak ez daitezen beste ikasturte batez Iruñera joan.
Nafarroako ekialdeko despopulazioa gainditzeko gakoa den batxilergo-institutua Irunberrin egingo duela esana du Nafarroako Gobernuak, eta horretarako aurrekontua ere badu jadanik. Baina eskualde horretako gurasoek kezkaz bizi dute abagunea, zentroa noiz irekitzen den ere funtsezkoa delako euren ustez: "Orain behar duguna da administrazioaren jarrera irmo eta argia", dio gurasoetako batek, Pirinioan Bizirik elkarteak abian jarritako kanpainako bideoan.
Azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak eskatzen zituen baldintza guztiak bete dituzte Irunberriko ikasleen egoitzako eraikina eskolak emateko institutu bihurtzeko. D ereduko batxilergo eskolak ematea, "behar handi bat da, eta Zangoza, Agoitz, Zaraitzu, Erronkari eta Nabaskozeko Almiranterriko biztanleen eskaria". Izan ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean, ikasleek ez dute Iruñera edo are hurrunago joatea beste aukerarik izaten.
"Kaixo, nik bi alaba ditut: Ainhoa, pasa den irailean kanpora joan behar izan zuena, eta Leire, ezer aldatzen ez bada, hemendik hiru urtera joango dena", dio beste guraso batek. Kanpainako bideoan azaltzen diren testigantza ugarietako bat da. "Pasatzen den urte bakoitzeko, familia eta ikasleentzako zigorra errepikatu egiten da", azaldu dute.
Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak Nafarroako Parlamentuan gaiaren inguruan hitz egin zuen duela gutxi, EH Bilduk galdetuta, eta adierazi zuen obrak "urtea amaitu baino lehen" lizitatuko dituztela. Horrek zalantza handiak sorrarazi ditu, epeak ikusita, ez dirudielako zentroa 2024ko ikasturtera arte zabalduko denik.
"Badirudi diferentzia ez dela hain handia, baina guretzat ikasturte batek despopulazio handia esan nahi du", azaldu dio Diario de Noticias egunkariari Mikel Aoiz Otsagabiko alkateak. Argitu du ez dela eraikin berria bat egin behar, lehendik dagoena moldatu baizik, eta nahikoa litzatekeela hasiera batean zati bat egokitzearekin.
"Ibai eta Amaiur Iruñera joan beharko dira urte eta erdi barru", azaldu du Sartze herriko biztanle batek. Iritsiko ote da institutua ordurako ateak irekitzera?