"Irregulartasunek jarraitzen dute Belartzan eta Donostiako Udala da konplize"

  • Urriaren 13tik geldirik zeuden Belartza Canterako (Mercadona eta Mc'Donaldsak egitea) obrak hasi dituzte gaur berriz. Hor eta Belartza 2 (nekazal lur direnetan 210.000 metro koadroko industrialdea egitea) proiektuetan egiten ari diren irregulartasunen kontrola Añorgako herritarrak eta naturzaleak egiten ari direla salatu dute.


2016ko urriaren 18an - 10:30

Legeak eskatzen duen "soka suinketa" proiekturik gabe ari zirela salatuta, Belartza Canterako eraikitze lanak geldiaraztea lortu zuten añorgatarrek eta Naturkonek (Gipuzkoako Naturzaleen Elkarteak). Honela kontatu zuen Mikel Esnaolak: "Urriaren 10ean (astelehena) obrak gelditzeko agindua ematea lortu bagenuen ere, debeku horren gainetik lanean aritu ziren urriaren 13an ordu luzez, baina, arratsalderako obra gelditzeaz gain, berau prezinta zezaten eta enpresari bigarren isun espedientea ireki ziezaioten lortu genuen". Urriaren 18an berriz hasi dituzte lanak.

Esnaolak honakoa nabarmendu du: "Lanean aritzeak ez du esan nahi dena erregular egiten ari direnik, lurrak pilatzen jarraitzen baitute modu irregularrean. Herritarrok behin eta berriz salatu dugu lur pilaketa irregular hori udaletxean, baina Udala baimentzen ari da bere garaian emandako urbanizazio lizentzia bat egun beste proiektu baterako erabiltzen jarraitzea". Epaitegietara eraman dute herritarrek lur pilatze irregular hori. 

Belartza Canterako lurrak Belartza 2-n ari dira pilatzen

Esnaolak aitortzen du hasieran ez zutela Canterako obren jarraipena egiteko asmorik (Mercadona ari dira eraikitzen bertan), Belartza 2 proiektua zela euren kezka. Baina, "Belartza Cantera eta Belartza 2, independente behar luketen bi proiektu, Canteratik ateratako lurrak modu irregularrean goian (Belartza 2 eremuan) pilatutakoan nahastu ziren".

Herritarrek aurkitu dituzten irregulartasunak

Esnaolak zerrendatu ditu 2016ko otsailetik Añorgako herritarrek eta mugimendu naturzale eta ekologistak atzemandako irregulartasunak: "Egun epaitegietan bueltaka dabilen lur pilaketaren eta horiekin lotutako jarduera ustez ilegalen ingurukoak. Hiru hilabetez esleitu gabe aritu ziren urbanizazio obren exekuzioa. Eta azken hori, edozein obra hasteko beharrezko den 'soka suinketa' (gazteleraz 'tira de cuerdas') proiekturik gabe aritu izana".

"Errepikatzen den eskema"

Irregulartasun bakoitzaren aurrean, eragile bakoitzak zer jarrera hartu izan duen azaldu zuen Esnaolak eta beti sekuentzia bera errepikatu dela azpimarratu zuen:

  1. "Irregulartasun horiek herritarron parte hartzeko mekanismo bidez, udal erregistro bidez, salatu izan ditugu Udalean.
  2. Udalak zilegitasunik eman ez digulako edo prozesu burokratikoen aitzakiapean, herritarron parte hartze mekanismoen bidezko salaketek ez dute biderik egin.
  3. Prentsaren aurrean salatu dugu, bai guk eta baita udaletxeko oposizioko bi talde politikok.
  4. Prentsaurreko adierazpenen oihartzuna dela eta Enrique Ramos (Hirigintza Jasangarriko arduraduna) salaketa bakoitza ezeztatzera atera da beti. Bai prentsaren aurrean edo twitter bidez.
  5. Salaketa horiek berretsi ditugu eta prentsa aurrean, sare sozialetan, udaletxean eta kalean salatu ostean, Enrique Ramosek eta Eneko Goiak beti, berriro diot, beti, arrazoia eman behar izan digute. Baina, gainera, arrazoia eman digute, nolabait esanda, arrazoirik eman gabe. Hori diogu, izan ere, gure salaketek aurrera egin arren gure salaketak existitu izan ez balira bezala, beren iniziatibaz jardun dutela saldu nahi izan baitute. Eta ez da horrela. Gure lanagatik ez balitz, zalantza handia dugu mugitu ere egingo ote ziren. Gogoratu, hiru hilabetez lanean obrak adjudikatu gabe eta ezer berezirik gertatuko ez balitz bezala".

Obren kontrola, Udalaren ardura

Enrique Ramos eta Eneko Goiari mezu zuzena helarazi zieten herritarrek: "Obra hauen jarraipena eta kontrola egitea ez dagokigu guri. Zuei dagokizue eta ez zarete zuen betebeharrak behar den bezala betetzen ari. Ez dugu onartzen errua zailtasun administratibo eta burokratikoei egoztea. Ez digu balio udal erregistroa mantsoa dela esateak".

VUSA enpresa eta adarjotzea

Esnaolak azaldu zuen Añorgako herritarrek harriduraz hartu zutela Enrique Ramosek Belartza Canterako obrak prezintatzeko agindu zuela jakinarazteko emandako prentsaurrekoan obrak egiten ari den Valeriano Urrutikoetxea S.A (VUSA) enpresari buruz esandakoak: “Ez gaude prest inork adarra jo diezagun" (erredakzioan itzulia). Esnaolak azaldu zuenez, VUSA enpresa bera da Belartza Cantera amaitutakoan, Belartza 2 eraiki nahi duena. Goiari eta Ramosi zera gogorarazi zien: "Zuen esku dago herritarron eskaeren arabera gobernatzea edo Donostiako Udalari eta herritarrei adarra jotzen diola diozuen enpresen interesen arabera gobernatzea. Donostia ezin dute adarra jotzen digutela uste dugun enpresek gobernatu".

Belartza 2 proiektua bertan behera utzi eta berau landa eremu birkalifikatzeko eskatu zuten: "Añorgatarron hitza errespetatzea dagokizue. Alferrikako industriagunerik ez". Belartzako gaiez hitz egiteko, bilera eskatu dute erregistro ofizial bidez Eneko Goia alkatearekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Belartza
2020-07-24 | Mikel Eizagirre
AHTaren obretarako zabortegi bat ezartzea aurreikusten dute Donostialdeko Belartzan

120.000 metro kubikoko betelana eginda dago bertan 2016tik. Talde ekologistek ez zela legezkoa salatu zuten eta gaia auzitegietara eraman zuten. Auzitegiek arrazoia eman zieten talde ekologistei, baina legez kanpoko ekimena egin zuten enpresek ez dute kasurik egin.


2020-03-10 | ARGIA
Belartzan legez kanpo egin zuten betelana zabortegi bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du Eguzkik

Diruak dirua nola, honakinek hondakinak hala erakartzen omen dituzte. Hori ari da gertatzen Belartza Goikoan. Izan ere, bertan legez kanpoko betelana egin zuten, Mercadona eta McDonald’s eraiki zituztenean, eta orain betelan horretan bestelako zaborrak ere botatzen hasi... [+]


2019-01-17 | ARGIA
Donostia Defendatuz koordinakundea aurkeztu dute
"Bizitzeko baino, negoziorako ari dira eraikitzen Donostia, herritarren kaltetan"

"Donostia Defendatuz izenarekin, hiriaren defentsan kezka bertsuak partekatzen ditugun zenbait talde eta herri-mugimenduk hirigintza garbi, partehartzaile eta jasangarri baten aldeko koordinadora ez-alderdikoi bat sortzea erabaki dugu". Hala aurkeztu dute beren burua... [+]


Añorgako Belartza eremuan egiten ari diren obren aurkako mobilizaziora deitu dute

Belartza Harrobian egiten ari diren irregulartasunak salatzeko mobilizazioa antolatu dute Añorgan azaroaren 27rako. Añorgatik Donostiako udaletxerako bidea egingo dute.


Eguneraketa berriak daude