argia.eus
INPRIMATU
Irregulartasunak atzeman dituzte Bartzelonako AHT linearen obran
  • Bartzelonako AHT linearen gestioa ezbaian jartzen duten zantzuak aurkitu dituzte. Bere garaian txosten ofizialak jaso zuena ez dator bat errealitatearekin, auziaren harira Adifek eskaini berri duen txostenaren arabera. Corsan enpresa dago auziaren erdigunean; Euskal Yaren eraikuntzan ere badihardu enpresa horrek.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 22a
Sagrera eta Trinitat lotzen dituen ibilbidearen kudeaketa dago jopuntuan. (Argazkia: Joan Puig/El Periodico)

Obrei 31 milioiko gainkostua ezartzeaz aparte, egin gabeko zenbait lanengatik ordaindu dela eta kalitate okerragoko materialak erabili direla erakusten du txostenak. Enpresek Adifeko karguen bidaiak ordaintzen zituzten trukean. Jaime G.G. Azpiegitura zuzendariari Aspenera (Colorado, AEB) eski bidaia ordaindu zioten, enpresaren interesen alde jarduteagatik.

Sagrera eta Trinitat lotzen dituen ibilbidearen kudeaketa irregularra baieztatu dute auziaren ikerketa fasean eginiko telefono-entzuketek. “Zenbait milioiko gainkostua ezarri diogu neurketak kamuflatuz”, adierazi zion obrak egiaztatu zituen ingeniari teknikari Isaac C.-k Antoni C. enpresako kideari. Bestalde, obren segurtasunaren inguruko zalantzak pizten dituzte entzuketek.  

Corsanek azpikontrataturiko enpresa baten salaketa da auziaren iturburu. Operazioa 2014ean ireki zen, Madril eta Bartzelonako egoitzetan eginiko erregistroekin. Epaileak uste du “egin gabeko obrak egiaztatu” eta gainkostu handia eragin zela, “funts publikoen kaltetan”. Hasieran, gainkostua sei milioi euroan zegoen; orain, 31 milioikoa da.

Corsan eta Euskal Y

2014ean, EH Bilduk salatu zuen Tolosa eta Hernani arteko ibilbideak 9 milioiko gainkostua izan zuela. Gestio irregular hori argitzeko eskatu zuen Oscar Matutek Eusko Legebiltzarrean.  Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Antonio Aizek azaldu zuen gainkostu hori behar bezala “justifikaturik” zegoela, arrazoi teknikoak medio.