Pasa den ikasturtean, Ordiziako Jakintza ikastolak plafinikatutakoa baino 12 ikasle gehiago hartu zituela (beste ikastetxe batera bideratu beharko ziratekeenak) eta horren ondorioz aurten Jaurlaritzarekin ikasgela berri bat itunduko duela salatu zuten STEILAS sindikatuak, EHIGE guraso elkarteak eta HEIZE eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioak. Ikastolak bere bertsioa eman du orain: “Ikasgela berriaren finantzaketa guraso eta langileen esku geratu zen”.
Pasa den ikasturtean, Haur Hezkuntzako 3 urteko mailan bi gela ituntzea zuen planifikatua Jaurlaritzak Jakintza ikastolan. 25 ikasle dituzte gelako, eta beraz, 50 ikasle onartzeko aukera zeukan, baina 62 eskaera jaso zituen eta hiru gela zabalduz denak matrikulatzea erabaki zuen. Izan ere, bi gela ituntzeak “ez du esan nahi ezin zirenik hiru gela martxan jarri, baizik eta bi gela baino gehiago ezin zirela finantzatu. Ikastolak ikasle guztiak onartuko zituela adierazi zitzaion administrazioari eta administrazioaren erantzuna izan zen ikasleak Jakintza ikastolan matrikulatu eta hirugarren gela hori ez kontzertatzea”. Hala, finantzaketa guraso eta langileen esku geratu zen, “gure hezkuntza proiektuaren aldeko hautua egin zuten 12 familia kanpoan utzi nahi ez genituelako”.
Ikasturte honetan, hirugarren gela horren finantzaketa eskatu zaio berriro administrazioari eta Jaurlaritzak baiezkoa eman du. Jakintzak azaldu duenez, “Jaurlaritzak erabaki du Ordizian 6 gela ituntzea (3 gela Urdaneta ikastetxe publikoan eta 3 gela Jakintza ikastolan). Modu honetan, ratio txikiagoak bermatzen dira, eta gainera bi ikastetxeetan geratuko lirateke plaza libreak, aurrerantzean datozen ikasle berriak modu orekatuagoan banatu ahal izateko bi zentroen artean”.
“Gurasoek aukera izan beharko lukete libreki beren seme-alabentzat egokien ikusten duten proiektua aukeratzeko”, diote. Errespetua ere eskatu dute idatzian.