argia.eus
INPRIMATU
Irrati jardunaldiak antolatu ditu Arrosa sareak larunbaterako Bergaran
  • Asteburu honetan Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxean egingo dira Arrosa sareak antolatutako Euskal Herrian bada zer entzun. Irratiok elkarlanean jardunaldiak. Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako eta asteazkenera arte zabalik dago izena emateko epea ondorengo helbide elektronikoan: arrosa.sarea@gmail.com. Lehen aldia da Arrosak mota honetako jardunaldiak antolatu dituena.

2012ko otsailaren 20a
Arrosako kideak jardunaldien aurkezpenean

Goizeko 10:00etan tailer praktikoek emango diete hasiera jardunaldiei. Tailerrak lau gunetan banatuko dituzte eta irratiarekin zerikusia duten hainbat gai landuko dituzte: irratsaio bat nola antolatu, zuzeneko irratsaioentzako baliabideak, programaziorako tresnak, estudioz kanpoko irratsaioak egiteko baliabideak, hizkuntzaren deontologia eta generoa, teknika, audio edizioa eta segurtasun informatikoa. Bazkaria baino lehen zuzeneko irratsaioa egingo dute eta bazkalostean Euskara eta komunikabideak mahai inguruan izango da 16:00etan. Horren ondoren, Radio Vallecas irratiko kideak Generoa eta komunikabideak gaiaren inguruan mintzatuko dira. Jardunaldiei bukaera emateko 22:00etan kontzertua izango da gaztetxean.

Arrosa sareak bere webgunean entzungai jarri du Hala Bedi irratian jardunaldien inguruan egindako elkarrizketa.