argia.eus
INPRIMATU
IRPH indizeak kaltetutako tolosarrak: “Historiako iruzur handienaren aurrean gaude”
Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urriaren 25
Juan Migel Goya eta Karmen Lopez senar-emazteak, euren alaba Maddirekin. (Argazkia: I. Terradillos / Tolosaldeko Ataria)

Euren hipotekatik IRPH indizea behin betiko desagertzea eta Euribor +%1 aplikatzea eskatu dute Karmen Lopezek eta Juan Migel Goyak –alaba bat dute–. Goyak dioenez, dagokiena baino ia 300 euro gehiago ari dira ordaintzen hilean. Elkarrizketako pasarte batzuk ekarri ditugu hona:

Zergatik jarri duzue salaketa Kutxabanken aurka?

Bere garaian ziria sartu ziguten gure hipotekarekin, beste milaka familiari bezala, eta hilabete asko borrokatzen igaro eta gero, beste pauso bat emateko unea dela pentsatu dugu. Bankuek beti irabazi izan dute, baina, uste dugu ez duela zertan horrela izan. Legezkoa den zerbait eskatzen dugu.

Zer salatzen edo eskatzen duzue?

Oso neurriz kanpokoa eta kriminala den IRPH indizea gomendatu ziguten. Gauza da, 2012ko apirilean desagertua behar zuela, eta ondorioz, gure hipotekan jartzen duen ordezkoa, hau da, Euriborra aplikatuko beharko ligukete. Gure kontratuan zehazten duen Euribor +%1 aplikatzea eskatzen dugu, eta atzera eginezko izaerarekin zor edo lapurtu digutena itzultzea.

Lehen aldia al da IRPH indizearen inguruan Kutxabanki salaketa jartzen zaiola?

Bai. Bai behintzat Stop kaleratzeak plataformatik dakigunez. Horregatik, oso garrantzitsua da pauso hau, aurrekaria sortuko du, eta gainerako biktimek oso gertutik jarraituko dute.

Nola eragingo luke zuen kasuan IRPHaren ordezkoa aplikatzeak?

Ia 900 euro ordaintzen dugu hilean, eta gure kontratuak dioenaren moduan, Euriborra aplikatuko balitzaigu, ia 300 euro gutxiago ordainduko genuke.

Zergatik adostu zenuten hipoteka indize horrekin egitea?

Ez dakigu. Ez da normala, eta ezmorala dela ere esan daiteke. Kutxako aholkulariek ez zuten beren lana bete, euren lana gu ondo informatzea baita. Indize hori egokiena zela esan ziguten, eta beraien hitzarekin fidatu ginen.

Zergatik utzi dute hainbeste luzatzen afera?

Banketxeek diru ugari irabazi dute eta irabazten ari dira gure kontura egoera luzatzen utziz. Baina, argi utzi behar da, honen guztiaren arduradun eta errudun PSOE, EAJ eta PP alderdiak direla. Espainiako ekonomia ministerioan adosten dituzte, ondoren BOEn argitaratu, eta Kutxabank bertan babesten da, kontuak legeak dioenarekin egiten dituela esanez.

Milaka herritar zuen egoera berean badaude, diru kopuru handiaz ari gara hitz egiten.

Dirutzaz ari gara hitz egiten. Historiako iruzur handienaren aurrean gaude.

INFORMAZIO GEHIAGO:

Gipuzkoako IRPHak kaltetutakoen elkartea.