Abian da Irmandade.tv, "informazioa demokratizatu, nazionalismoari ahotsa eman eta gizarteari bere ondorioak ateratzeko aukera eskaintzea" helburu duen galizierazko web telebista.
"Proiektua modu informalean sortu zen, bi garagardoren bueltan, baina ondoren forma hartuz joan da", kontatu dio Sermos Galiza agerkariari Aurélio Lópesek, egitasmoaren sustatzaileetako batek: "Kideetako bat Herbehereetako telebista kooperatiba batean aritu da lanean, eta eredua gurera ekartzea interesgarria litzatekeela iruditu zitzaion".
Grabatu duten lehenengo programa Debate izan da, ohiko tertuliek ez bezalako ikuspegia emango duena aktualitateko gaiei buruz. Estreinako saioan Galiziako hedabideei buruz aritu dira eztabaidan Galicia Confidencial, Praza Pública, Sermos Galiza eta Diário Liberdade agerkarietako kazetariak.
"Gure ildo editoriala subiranista eta ezkertiarra da argi eta garbi", dio Lópesek: "Herri mugimenduekin harremanetan jartzen ari gara, euren ahotsa entzunarazteko parada izan dezaten".