argia.eus
INPRIMATU
Irlandar Errepublikako herritarren bi herenek irlaren batasunaren aldeko bozka emango lukete
  • Irlandar Errepublikako herritarren %65ak Ipar Irlandarekin batzearen alde bozkatuko luke, inkesta baten arabera. Irlaren batasunaren inguruko eztabaida piztu egin da 'brexit'-a dela eta.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 30
Mural errepublikar bat Belfasten.

Maiatzaren 24an tokiko eta Europako hauteskundeak egin zituzten Irlandako Errepublikan. Hauteslekuetan galdera bera egin zieten galdea 3.000 irlandarri: Irlanda batzearen alde bozkatuko al zenuke erreferenduma “bihar” izango balitz? Herritarren %65ak baiezkoa eman zuen; ezezkoa, berriz, %19ak. RTÉ eta TG4 irratiek egin dute inkesta.

Ostiral Santuko akordioaren arabera, Irlanda Iparraldeak eskubidea du erreferendum bidez Irlandar Errepublikarekin batzeko. Aukera hori ez da agenda politikoaren lehen lerroan egon aspaldian, besteren artean, unionisten oposizio irmoa dela eta. Baina 'brexit'-aren zurrunbiloak berriz ere hauspotu du eztabaida, 'brexit' gogor batek irla barneko muga gogortu baitezake. Brexitaren erreferendumak Erresuma Batuan ez bezalako emaitza utzi zuen Irlanda Iparraldean: %56k bozkatu zuen Europar Batasunean mantentzearen alde.