argia.eus
INPRIMATU
Irlanda eta Eslovenia ez dira Eurovisionera joango Israelek parte hartzen badu
  • Bi herrialdeek jakinarazi dute ez direla 2026ko Eurovision jaialdira aurkeztuko Israelek parte hartzen jarraitzen badu. Espainiako Gobernuko Kultura ministro Ernest Urtasunek ere iradoki du Espainiak ez lukeela parte hartu beharko.

Maria Ortega Zubiate 2025eko irailaren 12a
2025eko Eurovisioneko Irlandako Errepublikako ordezkaria, Emmy.

Datorren urteko maiatzean izango da Eurovision jaialdia, baina dagoeneko hasiak dira bere inguruko albisteak. Esloveniak eta Irlandako Errepublikak jakinarazi dute ez direla lehiaketara aurkeztuko Israelek parte hartzen jarraitzen badu: Islandiako taldeak Israel kanporatzea proposatu du. Bide beretik, Espainiako Gobernuak ere antzerako adierazpenak egin ditu: Pedro Sanchez presidenteak eskatua du Israelen deskalifikazioa, eta Ernest Urtasun Kultura ministroak adierazi du "neurriak hartu" beharko dituztela Israelek parte hartzeari uko egiten ez badio. "Ezin dugu normalizatu Israelen parte hartzea nazioarteko foroetan, ezer gertatuko ez balitz bezala". Dena den, Espainiako komisioak ez du adierazi parte hartuko duen edo ez.

Azken bi Eurovision jaialdietan, batez ere aurtengoan, kritika zorrotzak jaso ditu Israelen parte hartzeak. Palestinarren aurkako genozidio betean, Israelen parte hartzea beren irudia "garbitzeko" era bat dela salatu dute askok, eta mobilizazio ugari izan dira jaialdiaren inguruan. Aurtengo maiatzean protesta jendetsuak izan dira Basilean, Suitzan, Eurovisioneko estadio kanpoan; Poliziarekin istiluak ere izan dira. 

Protesta horiek maila altuagoetara ere heldu dira, eta Eurovisionen parte hartzen duten zenbait korporaziok neurriak hartu dituzte aurtengo edizioan. RTVE Espainiako telebista publikoaren kasuan, adibidez, "Bakea eta justizia Palestinarentzat" mezua zabaldu zuen finalaren aurretik: "Giza eskubideak kolokan daudenean, isiltasuna ez da aukera bat". 

Azpimarragarria da Errusiako delegazioak debekatua izan duela parte hartzea 2022tik Ukrainako gerragatik. Ez da horrela gertatu, ordea, Israelekin. Hain zuzen ere, horixe salatu dute erakunde askok.