 
            2024ko ekainaren 28, 29 eta 30ean ospatuko dute Nafarroa Beherean
 
                                                Arberatze izango da EHZ festibalaren kokaleku berria. 2019az geroztik urtero ospatu dute Irisarrin. Bost urtez egindako lau edizioren ondoren, tartean pandemia izan delarik, Arberatzera mugitzea erabaki dutela jakinarazi dute antolatzaileek. 2024ko ekainaren 28, 29 eta 30ean ospatuko da festibalaren edizio berria, aurtengo arrakastari eusteko asmoz.
Antolatzaileek iragarria zuten aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdia Irisarrin egingo zen azkena izango zela, baina helmuga berria zehazteke zegoen orain arte. 2019an Irisarrin finkatu aurretik Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik igaro da festibala. Irisarrik “egonkortasuna” eman diela adierazi dute antolatzaileek: “Laguntzaileak lotu ditu, eredu ekonomikoa egonkortu du eta publikoa ere hor zen”. Bestalde, jaialdia euskara eta euskal kulturarentzat “arnasgune” gisa deskribatu dute.
Antolatzaileen esanetan, une egokia da aldaketa egiteko: “Toki batean egoteak erosotasuna dakar, eta gauzak handiago egin nahi izatea”. Halaber, nabarmendu dute jaialdiaren historian eskutik joan direla belaunaldi aldaketa eta herri berria. Irisarrin finkatu zirenean ere, berriz “txikitik eta xumetik” hasi zirela aipatu dute, eta Arberatzen berriro ere horrela ekin nahi dutela.
Azken jaialdiaren balorazioa oso positiboa izan dela nabarmendu dute. Izandako arrakasta eta 500 laguntzaileek egindako lana eskertu dute. Laguntzaile gazte-gazteek eta programazio aberatsak ezaugarritu dute aurtengo jaialdia, antolatzaileen aburuz. Aurtengo erronka lekualdaketa ahalik eta “natural eta goxoen” egitea izango da. “Irisarri agurtu dugu hastapen zaporea duen amaiera batekin”, aitortu dute.
Datorrenarekin gogotsu
Antolatzaileek argi utzi dute festibalak haren kokapen lekuarekin harreman zuzena duela. Jaialdiak haren kokapena elikatzen du, eta alderantziz, “elkartruke” bat dela nabarmendu baitute. “Orain ikustekoa izango da zer ekarriko dion Arberatzek EHZ-ri, eta festibalak zer ekarriko duen Amikuzeko eskualdean”.