EH Bilduk proposamena aurkeztu du Legebiltzarrak Jaurlaritzaren komunikazio kanal ofizialeko arduradun Luis Petrikorena gaitzetsi dezan, inkesta batean "iritzi xenofoboak sustatzeagatik". Azalpenak eskatu dizkio Petrikorenari berari eta Josu Erkoreka sailburuari.
Jaurlaritzak Irekia atari digitalean azken egunotan egindako inkesta batek xenofobia eta arrazakeria elikatu duelako "asaldaturik", EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean "onartezina delako Urkulluren Gobernuak etorkinen eskubideak mugatzearen aldeko mezua zabaltzen laguntzea", Igor Lopez de Munain legebiltzarkideak salatu duenez.
Lopez de Munainen ustez, "izaera arrazista eta klasista" dute egindako galderek eta, beraz, "lekuz eta denboraz kanpo" daude, "Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten atzerritarren eskubideak mugatzearen aldeko iritziak elikatzea dakarrelako". Horren haritik, legebiltzarkide abertzaleak Europako talde ultraeskuindar batzuen diskurtsora gerturatzea leporatu dio Lakuako Gobernuari. "Javier Maroto Gasteizko alkate ohiaren mezu xenofoboak erabateko gaitzespen politikoa jaso zuen duela hilabete batzuk, baina orain Jaurlaritza da diskurtso hori zabaltzen ari dena; Europan politika ultrakontserbadoreak askatasunak eta bizikidetza arriskuan jartzen ari diren honetan, oso larria da Urkulluren Gobernuak kanpaina horiekin bat egitea".
Hori dela eta, EH Bilduk Josu Erkoreka sailburuaren eta Luis Petrikorena Irekia atari digitaleko arduradunaren agerraldiak eskatu ditu Legebiltzarrean, inkesta horren inguruko azalpenak eman ditzaten.
Halaber, legez besteko proposamen baten bitartez, koalizioak Jaurlaritzari eskatu dio "zuzenketa publikoa egiteko eta Petrikorena gaitzesteko, gertatutakoa oso larria delakoan". EH Bilduk uste du Parlamentuak "irmoki gaitzetsi behar duela" Gobernuaren atari digitalari eman zaion erabilera, "jendartean iritzi arrazista, xenofobo eta klasistak sustatzeagatik". Azkenik, EH Bilduk proposatzen du Eusko Jaurlaritzak "giza eskubideak, bizikidetza eta berdintasuna sustatzeko prestakuntza indartu dezala" bere pertsonalean.