argia.eus
INPRIMATU
Iratxe Sorzabalen kontrako laugarren euroagindua onartu du Parisko Dei Auzitegiak
  • Asteazken honetan eman du epaiaren berri Parisko Dei Auzitegiak. Epaiketan zehar ez dute kontuan hartu maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalak Irungo preso politikoa absolbitu izana, hain justu, egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zelakoan. Defentsak helegitea jarriko duela jakitera eman du Berria-k.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko abenduaren 4a
Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazteko protesta bat Irunen. Angula Berria

Iratxe Sorzabal Irungo preso politikoaren kontrako laugarren euroagindua onartu du Parisko Instrukzio Auzitegiak asteazken honetan. Hori horrela, epaiketan ez dute kontuan hartu maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalak Sorzabal absolbitu izana, hain justu ere, egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zelakoan. Alta, 2020ko abenduan atzera bota izan zuten Sorzabalen kontrako euroagindu bat Parisko Dei Auzitegiak, hor ere atxiloaldian torturak egon izana kontuan hartu izan zutelako. Beste norabideana doa beraz abenduaren 3ko epaia.

Defentsak helegitea aurkeztuko du Frantziako Kasazio Auzitegian, Berria-k jakitera eman duenaz. Europako zuzenbideari segi, atxilotuaren oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua izanez gero, euroaginduak atzera bota beharra nabarmentzen ariko da berriz ere defentsa, atxiloaldian Sorzabal torturatu izana ere ohartarazita  –Espainiako Auzitegi Nazionalak berak "tratu gizagabeak" egon izana aitortu izana azpimarratuta–.

Iratxe 2001eko martxoaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Hernanin, eta haien esku pasatu zituen bost egun luzeetan bortizki torturatu zuten. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu eta preso sartu zuten, baina aurtengo maiatzean absolbitu izan du preso politikoa Espainiako Auzitegi Nazionalak, autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zelakoan. Epaiketa otsailean egin zen, Madrilen. Defentsak zera alegatu zuen frogen inguruan: "Torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat" zirela. Defentsaren aldeko epaia plazaratu zuten maiatzean. 

Apirilean ere errugabea zela onartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Alacanteko (Herrialde Katalanak) aireportuan jarritako lehergailu bati lotutako auzian. Haren aurkako "froga sendo" bakarra ustez Sorzabalek ETAren zuzendaritzari bidalitako gutun bat zuten, baina, epaimahaiak argitu du Sorzabalek idatzi izana ezin baieztatua daukala.

Sorzabal 2015ean atxilotu zuten Frantziako Estatuan eta han izan zuten preso 2022ko irailean Espainiaratu zuten arte. Martuteneko presondegian dago gaur egun.