argia.eus
INPRIMATU
Irati ‘haur motxiladunaren’ gurasoak Aranjuezetik el Duesora hurbilduko dituzte
  • Bea Etxeberria eta Iñigo Zapirain euskal presoak Madrilgo Aranjuezko espetxetik Kantabriako El Duesora gerturatuko dituzte. Hala, Irati alaba gurasoengandik gertuago egongo da.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 15
Irati Gurasoekin Etxera plataformaren ekitaldi bat. Argazkia: Ecuador Etxea.

Bi presoen alaba Iratik martxoaren 8an bete zituen 3 urte eta ondorioz espetxetik atera eta Bilbon bizi da senideekin. Espainiako Espetxe Erakundeen berria martxoaren 12an jakin zuten eta Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak adierazi du pozez eta itxaropenez hartu dutela albistea: “Errepidea eta kilometroak laburragoak izango dira Irati eta senideentzat”. Plataformak esan du umeen eskubideak bermatuak izateko haien gurasoak etxetik hurbil izatea dela lehenengo pausoa, gizalegezkoa eta bete beharrekoa. Dena dela, plataformak Iratiren gurasoak Euskal Herrira ekartzea eskatu du.

Etxeberriaz eta Zapirainez gain, beste hiru preso hurbilduko dituzte eta bat Euskal Herriratu. Jurdan Martitegi Soto del Realetik Martutenera ekarriko dute. Bestalde, Asier Badiola, Jon Troitiño eta Harriet Iragi Euskal Herritik gertuago izango dira.