argia.eus
INPRIMATU
Irantzu Mugeta hil da, gerra zikinak kolpatutako antifaxismoaren sinboloa
  • Bere konpromiso politikoagatik eta unibertsitatean zuen militantziagatik, eskuin muturreko taldeen hainbat eraso pairatu zituen 1987 eta 1988 urteetan. Hemezortzi urterekin pairatu zuen lehen erasoa, Bilboko Santutxu auzoan bizi zen eraikineko igogailuan; geroztik, hiru eraso gehiago jasango zituen, horietatik bi EHUko Leioako campuseko Arte Ederren fakultatean. ARGIAko kazetari Xabier Letonak eta Lorea Agirrek elkarrizketatu zuten 1989. urtean.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 30
Aitor Bayo / ARGIA

1980ko hamarkadaz geroztik Espainiako Estatuak eta eskuin muturreko talde paramilitarrek euskaldunen aurka abiatutako gerra zikinaren erresistentzia sinboloetako bat da Irantzu Mugeta. Bilboko Santutxu auzoan jaio eta hazitako emakumea larunbatean hil zen, minbiziaren ondorioz. 1980ko hamarkadan oihartzun handia izan zuten Mugetaren aurkako erasoek.

Erasoen kronika

ARGIAri 1989an emandako elkarrizketan gogoratzen duenez, 18 urte zituela jasan zuen lehen erasoa Irantzu Mugetak, 1987ko azaroaren 16an. EHUko Leioako campuseko Arte Ederren fakultatean ikaslea zen, baina egun horretan klaserik ez zuenez, erosketak egitera joan zen goizean. Erosketetatik itzultzean eta igogailura sartzean, hari jarraika ari ziren bi gizonek jipoitu zuten, eta besoan gurutze gamatu bat grabatu zioten.

Bigarren erasoa 1988ko otsailaren 3an gertatu zen, euskara klaseak ematen zizkion neska baten etxera zihoala. Etxearen atarian hiru lagunek jipoitu zuten, eta bi gurutze gamatu grabatu zizkioten. Hurrengo bi erasoak hamar egunen bueltan izan ziren, 1988ko azaroaren 3an eta 13an Leioako Arte Ederren fakultatean, biak fakultateko komunetan. Bi eraso horietan erasotzaileek 'GAL' grabatu zioten aurpegian. Horrez gain, telefono nahiz gutun bidez jaso zituen heriotza mehatxuak ohikoak izan ziren urte horietan.

Elkarrizketan azaltzen duenez, Mugeta jakitun zen erasoen arrazoiak politikoak zirela, egiten zizkioten grabaketengatik, baina ez zuen ulertzen zergatik zen bera eraso horiek pairatzen zituena: "Bizkaian badirudi niri tokatu zaidala. Honez gain, Santutxun jendea asko mugitzen da batetik, eta bestetik neska naizenez erasotzea errazagoa zaie. 'Honi egiten diogu baina kontuz besteok', adierazi nahi dute azken finean". Eraso horien ondorioz, leku guztietara lagundurik joan behar izaten zen Mugeta: esaterako, klasera kotxez joaten zen, eta etxetik atarira familiako kide batek lagunduta.