argia.eus
INPRIMATU
Iran gehiago zigortzearen alde lerratu dira AEBak eta Europar Batasuna
  • Iranen eta Israelen arteko tentsioa areagotuz doa eta bi aldeek argi utzi dute parekoaren erasoari erantzun bortitz eta gogorrez erantzungo lioketela. Bizkitartean, Israelekiko babesa berretsi dute AEBek zein Europako Batasunak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko apirilaren 18a
Israelek dio erantzungo diola Iranen apirilaren 14ko erasoari. Argazkia: Tsahal

Iranen aurkako zigor ekonomiko gehiago jartzearen alde egin dute AEBek. AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulari Jake Sullivanek eman du horren berri eta Europaren Batasunaren partetik jarrera bera espero duela adierazi du. Zigor gehiago aztertzearen alde agertu da Josep Borrell Europar Batasuneko diplomaziaburua eta orain arteko zigorrak Iranen aliatuei –Yemengo huthien milizia, Hezbollah...– zabaltzeko aukera ere jarri du mahai gainean.

Apirilaren 13an Iranek Israelen aurka buruturiko erasoaren harira dator Israelekiko babes politikoaren berreste hori. Israelek apirilaren 1ean Iranek Damaskon duen kontsulatuaren aurka egindako erasoari emandako erantzun armatua izan zen. Orduz geroztik, eraso-erantzun-eraso gurpil zoroan murgilduta daude, erantzun gero eta bortitzagoen mehatxua astindurik. Nazioarteko egiturek "baretasunaren" aldeko deiak egin arren, giroa gogortuz doa genozidioa pairatzen ari den Gazaren inguruetan.

"Autodefentsarako eskubidearen" izenean, Iranen erasoari "erantzungo" diola argi utzi du Israelek. Holakorik eginez gero, erantzun "masibo, gogor eta mingarria" bideratuko liokeela argitu nahi izan du Irango presidente Ebrahim Raissik, Qatarreko Hamad bin Khalifa al-Thani emirrarekin izandako solasaldi telefonikoan.

Israelek Libanoko Hezbollah hartu du berriro ere jo-puntuan asteazken honetan: miliziaren buruetariko Ismail Youssef Baz hil egin du. Estatu sionistak dioenez, apirilaren 13ko misil eta drone jaurtiketaren "planifikazioan" parte hartu izan du Hezbollahk. Apirilaren 17 honetan, berriz, Israel iparraldeko Arab al-Aramshe hiriari egin dio eraso Hezbollahk eta hamalau pertsona zauritu ditu. Horrez gain, mugatik gertuko gune militar bati ere eraso egin dio.

Bitartean, negoziaketak herrestan

Bizkitartean, adostasunera iritsi ezinean dabiltza Israelen eta Hamas erakundearen ordezkariak. Negoziaketan "herrestan" direla aitortu du Qatarreko lehen ministro Mohammed bin Abderrahmane Al-Thanik. 2023ko urriaren 7az geroztik, 33.899 hildako, 76.664 zauritu eta beste milaka desagertu daude Gazako palestinarren artean. Oraindik sendoa da nazioartetik Israelek jasotzen duen babesa, baina ahultzen ari da. Horren aurrean, sostengua berreskuratzeko baliatu nahi du Iranekin piztu duen gatazka. Ondokoa txiokatu berri du Israelgo presidente Isaac Herzogek: "Mundu osoak modu erabakigarri eta argian jokatu behar du Irango erregimenaren mehatxuaren aurka, eskualde osoaren egonkortasuna murriztu nahi baitu".