argia.eus
INPRIMATU
Irakasleon figura
Haritz Arabaolaza 2025eko abuztuaren 25

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez dut zalantzarik hitzarmenaren inguruan Hezkuntza sailburu den Pedrosak eta bere taldeak mantendutako postura nahiko miserablea izan dela. Pena dut greba garaian irakasleon, gurasoen eta orokorrean gizartearen arteko batasuna ez dela irmoa izan. Kontziente naiz sinatutako hitzarmena eskatzen ziren baldintzetatik urrun geratu dela. Eta zalantzak ditut sinatu berri den hitzarmen hau aurrera eramateko pausuak ematen ari ote diren. Azkenik, sentitzen dut halako ikuspegi pesimista edukitzea. Hala ere, ez dut gauza horretaz guztiaz hitz egiteko asmorik.

Gaurko egunez, nire ardura beste kontu batean zentratu da. Inguruan ezagutzen ditudan pertsonetako askok, irakasleon inguruan hitz egiterakoan, ondo bizi garela eta lan gutxi egiten dugulako komentarioak egiten ditu. Batzuetan brometan izaten da, baina gehiegitan entzuten den kontua da. Horrek jendearen iruditerian eragina du, eta irakasleon figura gutxiesten du. Gaur egun, beraz, irakasleriaren figurak dituen autoritate eta izen onak zalantzan jartzekoak dirudite, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Ez legoke gaizki, hezkuntzan baliabide gehiago jartzeko borondaterik ez badago, behintzat balio duten langileak sikiera zainduko balituzte

Esan beharra daukat, hezkuntza publikoan alperrak baina argiak diren pertsonentzat lekurik badagoela. Hau da, klaseak ondo prestatzeko edo ikasleen beharrak asetzeko gogorik ez duen irakasleak administraziotik eskatzen zaizkion dokumentuak garaiz eta modu egokian betetzeko ardura hartzen badu, ez du arazorik izango hezkuntzan jarraitzeko. Behin oposizioak gainditu eta plaza bat lortuta, guztiz babestuta sentitu daiteke, nahiz eta kolpe zorririk jo ez, beti eta esan bezala, aspektu burokratikoa modu egokian betetzeko gai bada. Hala ere, hezkuntza publikoko lanbide heziketan daramadan denboran, nire inguruan aurkitu ditudan lankide ia guztiak (10etik 9, esaterako), lanerako eta lankidetzarako gogoz aurkitu ditut. Hau da, beste leku denetan bezala, alper bat edo beste badago ere, gehiengoa lanerako prest dago. Bere lana ahalik eta hobekien egiteko gogoz. Arduratzen nauena da hezkuntzaren aldetik langileria hori zaintzeko eta alperrak identifikatu eta nolabait atentzioa emateko inolako molestiarik hartzen ez duela. Erremintak egon beharko lirateke funtzionario izan edo ez, bakoitzaren lana ganoraz egiteko inolako gogorik ez dutenak baztertzeko. Baina denaren gainetik, beraien lana ongi egiteaz arduratzen direnak zaintzea bermatu beharko litzateke. Izan ere, ez dira gutxi urteekin erretzen doazenak eta hezkuntza publikoa utzi eta enpresa pribatuetara bueltatzen direnak, edo aukera hau planteatzen ari direnak. Argi dago, jende hori erretzen dela bere lana arduraz hartu eta ordainetan inolako errekonozimendurik jasotzen ez duelako. Izan ere, alper eta lotsagabeak ez dira inoiz erreko, haiek ondokoa erre, akaso. Hortaz, ez legoke gaizki, hezkuntzan baliabide gehiago jartzeko borondaterik ez badago, behintzat balio duten langileak sikiera zainduko balituzte. Askotan diogun bezala, hezkuntza gure gizartearen etorkizunaren zutabeetako bat bada, ardura pixka bat jartzea komeniko litzatekeela deritzot. Eta hori denon lana da, ez hezkuntza sailburuarena bakarrik (jai daukagu ardura azken horren eskutan soilik uzten badugu).

Haritz Arabaolaza