Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.
Irakaskuntza maila guztietako irakasle gay, lesbiana, bisexual, ez-heteroak ageri dira STEILAS sindikatuak publikatutako bideoan, maiatzaren 17a LGTBIfobiaren Aurkako Eguna izan dela-eta. Garbi dute: irakasleek armairutik kanpo beren sexualitatea natural eta aske bizitzea inportantea da ikasle batzuk identifikatuta sentitu daitezen, ispilua izan dezaten. “Batzuentzat oasi bat izan daiteke, eta gainerakoentzat, aniztasunaren eredu hurbila”, dio Edurnek bideoan. “Izateko, egoteko eta jarduteko aukera desberdinak daudela” ikusten dute haur eta gazteek, gaineratu du Piker-ek. Azken finean, curriculumean aniztasuna hain hutsala denean, erreferente bihurtzen dira bakarrik sentitu daitezkeen LGTBI ikasleentzat eta oro har ikasle guztientzat, aniztasuna naturalizatzeak badakarrelako haur eta gazteak onartuago sentitzea euren sexualitatea garatzeko eta espresatzeko garaian.
Ikasle bakoitzak bere armairuarekin duen prozesua errespetatu behar da, baina "inportantea da transmititzea laguntza behar badute hor zaudela"
Bideotik bi ideia nabarmenduko nituzke. Batetik, belaunaldiz belaunaldi aniztasunari gero eta leku gehiago ematen ari garen esperantza, zeren “batzuek ez genuen halako erreferenterik izan eta horrek sufrimendu handia eragin zigun”, dio Ainarak. “Nire identitate sexuala garatzen hasi nintzenean, ez neukan erreferenterik eta min handia sortu zidan, ez dut uste ume batek hortik pasa behar duenik. Mendeku gosea beharrean, maitasuna eta onarpena aurkitu behar dituzte, eta bide horretan erreferenteak behar dituztenez, hemen gaude”, azaldu du Almike-k.
Bestetik, ez gaitezen engaina, bullying homofobo, bifobo eta transfoboak oso presente jarraitzen du eskoletan (ere), eta ikasleek norbaitengana jo ahal izatea inportantea dela azpimarratu du irakasle batek baino gehiagok, konfidente rola hain da garrantzitsua heldu baten aholkularitza eta babesa behar duen haur eta gaztearentzat –irakasle horrek duen sexu-joera duela ere–. Honela laburbildu zuen Usua Martínez hezitzaile lesbianak, ARGIAn: ez da inor behartu behar armairutik ateratzera, ikasle bakoitzak bere armairuarekin duen prozesua errespetatu behar da, baina “inportantea da inplizituki ikasleei transmititzea laguntza behar badute hor zaudela”.