Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ordezkapenak betetzeko dauden arazoak izan zituen hizpide atzo (6) Eusko Legebiltzarrean, Aralarrek eta PPk eskatuta. Bi alderdi horiek adierazi zutenez, ikasturte hasieran irakasle batzuen hutsunea betetzeko zailtasunak izan zituen Hezkuntza Sailak. Camposek ordezkapenak betetzeko arazoak daudela aitortu du, baina egoera kezkatzeko modukoa ez dela uste du. Atzo jakinarazi zuenez, ikasturte hasieran 163 lanpostu geratu ziren betetzeke, eta horietatik 13 soilik ziren ikasturte osorako; gainerakoak ordezkapenak ziren, eta gehienak lanaldi partzialekoak. Hezkuntza sailburuaren hitzetan, hori da zailtasunik handienetakoa: "Lanaldi partzialak edo iraupen laburrekoak izatean, profesionalek ez dituzte aukeratzen, aukera hobeak daudelako, edo norberaren etxetik hurbilago".