DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketan irakasle izateko ez dela zertan irakaskuntzan formakuntzarik jaso, aski dela ikasgai horretako edukiak menperatzearekin. Hori legeztatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari hainbat erkidegotatik, eta gaia lehen planora ekarri berri du ELGAk, hezkuntza politiken norabidean pisu handia duen Europar Batasuneko erakundeak.
DBHtik aurrera, irakasle izan zaitezke ematen duzun ikasgai horri lotutako edukien inguruko ikasketak egin badituzu eta irakasleen prestakuntza masterra egin baduzu. Master horren beharrik gabe, irakaskuntzan aritu ahal izatea baimendu zuen Espainiako Gobernuak 2020an, pandemiari lotutako salbuespen gisa. Ondoren, baina, Aragoi, Katalunia edota Gaztela Mantxa moduko erkidegoetan formula mantendu dute, argudiatuta irakasle falta dutela matematiketan eta hainbat ikasgai teknikotan.
Orain, gaia mahai gainean jarri du Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA), berriki argitaratu duen txostenean. Europar Batasuneko hezkuntza politiketan indarra duen erakundea da ELGA, eta txostenean dio irakasle izatea erakargarriago bihurtzeko beharra dagoela: “Irakaskuntza ez den beste karrera bat egiten ari direnak irakaskuntzara erakartzea izan daiteke irakasle faltari aurre egiteko modua”. Espainiako Estatuari egiten dio erreferentzia, beste herrialde batzuetan bide alternatiboak daudela eta Espainian bidea itxia dela aipatuta.
Zer dio Espainiako Gobernuak? Irakasle faltari aurre egiteko neurriak aztertzen ari dela dio Hezkuntza Ministerioak, baina irakaskuntza masterrik gabeko irakasleak onartzeko erkidegoen eskaerarekin oso zuhur mintzatu da: beren formazioa %100 bete ez duten irakasle horien kontratazioak hezkuntza sistemaren kalitatea kaltetzen duela dio.
Irakasleen artean zenbaterainoko garrantzia ematen zaio edukia menperatzeari eta zenbatekoa prestakuntza psikopedagogiko eta didaktikoari, komunikazio gaitasunari, aniztasuna kudeatzen jakiteari?
Esanguratsua da planteamendua, irudi lukeelako DBHtik aurrera edukiak menperatzeak irakasle izateko gai egiten gaituela, horiek irakasteko gaitasun, trebetasun eta tresnetan erreparatu gabe. Alegia, ez al du zuzenean irakaskuntza gutxietsi eta debaluatzen?
Irakaskuntza masterra –masterrak, oro har– negozio itzel bilakatu dela ezin da ukatu, eta bada dioenik urtebeteko master hori tramite hutsa baino ez dela, ez duela benetako ikasketa pedagogikorik bermatzen. Horren aurrean, baina, badira proposamenak: masterra ezabatu ordez, beste karrera eta ikasketa batzuetatik datozen irakasleei behar bezalako formakuntza sakonagoa bermatzea administrazio publikoak.
Eztabaidak hainbat galdera uzten ditu airean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik aurrera, irakasle direnen artean zenbaterainoko garrantzia ematen zaio edukia menperatzeari eta zenbatekoa prestakuntza psikopedagogiko eta didaktikoari, komunikazio gaitasunari, aniztasuna eta ikasgelako erritmo ezberdinak kudeatzen jakiteari? Zenbateraino ikasten da hori guztia masterrean eta zenbateraino ikastetxean bertan? Zenbateko garrantzia dute eta izan beharko lukete irakasle praktikek, ikastetxe batean jardunean hasi aurretik? Irakasleen rol eta funtzioak garbi eta berdin ulertzen al dituzte irakasle guztiek? Eta ikastetxe bereko irakasleek?