Patxi Saez soziolinguistak gogoeta interesgarria partekatu du euskalgintzan eragile diren ia 40 lagunekin. Saezen ustez, enpresa euskaldundu behar da orain, eta horretarako diru-pizgarriak eskaini behar dira.
Patxi Saez soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuko zuzendariaren iritziz, “hizkuntza planifikazioak, eraginkorra izateko, problema nagusia aurkitu behar du”, eta arazo garrantzitsuena lan mundu erdalduna da. Hala dio: “Euskal Herriko gizarteak belaunaldi berriak euskalduntzen erabilitako diru guztiak eta egindako ahalegin guztiak zapuztu egiten ditu lan munduak. Horixe dugu, gaur-gaurkoz, euskararen berreskurapenean askok ikusten ez duten eta begi bistan dagoen elefantea. Horixe da, gaur-gaurkoz, euskarak duen problema nagusia”.
Lan mundua euskalduntzeko enpresen motorra, alegia dirua egitea, kontuan hartzea proposatzen du eta diru-pizgarrien bidez hizkuntza plangintza gauzatzea: “Diru gehiago irabazteko aukeraren aurrean bakarrik mugituko dira enpresen botere egituretatik euskarari sarbidea ematera, beraz, diru-pizgarri horiek enpresak euskarari sarbidea ematera mugiarazteko adinakoak izan beharko dute, bestela, kale egingo dugu gure azken helburuan”.
Saezek bere gogoeta egin du eta ondoren 20 bat euskara eragileri haien iritzia eskatu die. Artikulua eskutik eskura ibili ondoren ia 40 erantzun jaso ditu, tartean dira ondoko adituak: Iñaki Martinez de Luna, Mikel Zalbide, Maria Jose Azurmendi, Zelai Nikolas, Pruden Gartzia, Bittor Hidalgo, Miren Segurola, Nora Palmitano, Zigor Etxeburua, Mikel Irizar, Jasone Mendizabal, Lorea Agirre, Kike Amonarriz, Jon Sarasua, Paula Kasares, Itziar Idiazabal, Xamar, Joxe Manuel Odriozola, Jone M. Hernandez eta Belen Uranga.