argia.eus
INPRIMATU
Errigorako zazpi ekoizleren produktuak 20 jantokitan zerbitzatuko dituzte irailetik aurrera
  • Errigoraren baitan dauden ekoizleetatik zazpik parte hartzen dute jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginez. Ager eremuko baratzeetan dauden produktuak prestatzen dituzte. Produktu horiek jantokietan sartuz gero, euskal lurraldeen artean "harreman iraunkor eta egituratuak" sortzen direla esan dute antolatzaileak.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 31

Irailetik aurrera, Errigoraren baitako zazpi ekoizleren produktuak Euskal Herriko 20 ikastola, eskola eta jantokitako plateretan izango dira. Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Elikadura burujabetza, euskara eta auzolana sustatzea du helburu beti ere.

Errigoraren baitan dauden ekoizleetatik zazpik parte hartzen dute jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginez. Euskal Herrian, Ager eremuko baratzeetan soilik diren produktuak eta jantokien beharren neurriko kantitateetan ekoiztutako produktuak zaku, latoi eta bidoietan prestatzen dituzte.

Jantokietara olioa, tomatea, piperra, arroza, txitxirioak, dilistak, eta zainzuriak bezalako produktuak banatuko dituzte.

Egitasmo berriaren baitan, jantokien dinamika iraunkorrean Ager eremuko produktuak sartuz gero, euskal lurraldeen artean "harreman iraunkor eta egituratuak" sortzen ari direla esan dute antolatzaileak. Baita bertako produktuen sustapena eta auzolana ere. Gainera, ekoizleen artean eta kontsumo ohituretan euskara sustatzen ari direla gehitu dute.

Zein herritan banatuko dira produktuak?

Bizkaiako jantokien artean daude: Lekeitiko Azkue ikastola, Markinako Bekobenta ikastola, Gernikako Allende eskola, Larrabetzuko eskola, Leioako Betiko ikastola, Sopelako Ander Deuna ikastola, Bilboko Abusu, Urretxindorra eta Kirikiño ikastola, eta Erandioko Altzaga eskola.

Gipuzkoako jantokien artean daude: Tolosako Laskorain ikastola, Arrasateko Fagor Ederlan lantegia, Hernaniko haur eskola, Beasaingo Andramendi ikastola, Ibarrako Uzturpe ikastola, Villabonako Zubimusu ikastola, eta Oreretako ikastola.

Nafarroan Amaiurko eskolako jantokiak hartuko du parte. Senpere eta Maulen, bestalde, Suhari errestaurazio enpresaren jantokira eramango dituzte produktuak.