argia.eus
INPRIMATU
Irailaren 8an gertatutako erasoa gaitzetsi dute Hondarribiko Txosnak kudeatzen dituzten elkarteek
  • Alarde baztertzailean ardura duen kide bat Jaizkibel konpainiako kide baten kontra oldartu zen. Txosnako kideek inolako erasorik onartuko ez dutela adierazi eta babesa helarazi diote erasoa pairatu zuen pertsonari.

Ane Mendizabal Sarriegi Oarso Bidasoko Hitza @oarsobidasoa 2025eko irailaren 12a
Hondarribiko txosnak Bentan kokatzen dira jaietan. Noticias de Gipuzkoa

Irailaren 8an Hondarribiko txosnagunea “gune ez seguru” bilakatu zela jakitera eman dute Muara Kultur Elkarteak, Mugimendu Sozialistak, Lotura Musika Elkarteak, Psilocybe Musika Elkarteak eta ASE Surf Elkarteak.

Azaldu dutenez, alarde baztertzailean ardura duen kide bat Jaizkibel konpainiako kide baten kontra oldartu zen, “Jaizkibel konpainiako kide izate hutsagatik”, eta horren ondorioz, liskarra sortu zen txosnagunean. 

Aipatutako elkarteak dira aurtengo jaietan txosnak kudeatzeko ardura dutenak, eta horrenbestez, bost elkarteek argi adierazi dute txosnagunean ez dituztela inolako erasorik onartuko, “ezta Jaizkibelen kontrakoak ere”, zehaztu dute.  Azkenik, erasoa pairatu zuen pertsonari babesa adierazi nahi izan diote.