Gauza garrantzitsu asko gertatzen ari dira Palestinan, Euskal Herrian eta munduan. Espantu israeldarraren aurrean Euskal Herrian inteligentzia kolektiboa martxan dago, inoiz baino indartsuago. Jende ezberdin asko, toki ezberdin askotan, gauza ezberdin asko egiten ari da. Historiara pasa da Bilbon Espainiako itzuliari egindako boikota. Ez ziren soilik protestak izan, ez ziren soilik errepide mozketak eta saiakerak izan, ez ziren soilik pintaketak, eskuorriak, identifikazio polizial, borra-kolpeak, isunak eta atxiloketak izan, ez zen soilik jendetza haserretu bat Bilboko erdigunean izan. Israeli ordura arte Euskal Herrian egindako boikot ekintza handiena, akontezimendu bat izan da. Egun horretan guztiok itzuli ginen “ezberdin” etxera, gure barruan “zerbait” aldatuta. Aipamen berezia lehenik Nafarroan eta biharamunean Bizkaian konpromisorik handienak hartutako guztiei, mundiala izan da.
Gertaera honek zentzu on berri bat zabaldu du Euskal Herrian, genozidekin harremana izatea ez da zilegi eta harreman hau norberaren aurka itzuli daiteke. Gero etorri dira Donostian EHUren kurtso hasiera ekitaldiko saltsa, eta gutxira bere buruzagiek eman behar izan duten prentsaurrekoa, Sestaoko xake txapelketa internazionala, Elkarren CAF-Igartza saria, Donostiako udala boikot kanpainara batzea... Bilbon ere, enbaxadore sionista baten hitzaldia boikotatzeko, ez da kalean oihu bakar bat bota behar izan. Soilik duela urtebete posible ziren egoerak, orain ezinezkoak dira. Soilik duela urtebete ezinezkoak ziren egoerak, orain posible dira. Irailaren 3ko gertaerak baldintzak aldatu eta kate-erreakzioa ekarri du, horregatik da gertaera.
Euskal Herriko langileriaren zati geroz eta handiagoak justizia unibertsalaren defentsan kaleak hartzen ari diren honetan, enpresari, kooperatibista eta instituzio autonomikoek genozidekin negozioetan jarraitzen dute
Euskal emakumeak topera dabiltza, nabarmen Esther Zabalegi, Aitziber Garmendia, Saioa Alkaiza, Itziar, Naroa Fernandez edo Itziar Ituño. Nabarmen Israeli boikot kanpainarekin bat egiten duten eragileetan militatzen ari diren anonimo guztiak. Bakoitzaren arlo eta neurrian bere alea jartzen ari dira. Euskal herritar guztiok ematen ari garen neurriaz eztabaidatu genezake, noski, askok Palestinarengatik eman ematen ari direla, ordea, eztabaidaezina da.
Euskal Herriko langileriaren zati geroz eta handiagoak justizia unibertsalaren defentsan kaleak hartzen ari diren honetan, enpresari, kooperatibista eta instituzio autonomikoek genozidekin harreman eta negozioetan jarraitzen dute. Momentuz.
CAFeko langileak, paper zati bat sinatuta zuen eskuak garbitzen saiatu zaretenak, paper zati bat sinatzeak inork dituen ardura historikoetatik salbuetsiko balu bezala, zertara itxaroten ari zarete CAF bihurtu den lotsaizun nazionala amaiarazteko?
CAFeko LAB eta ELAko sindikalistak, zuetako batzuk CAFeko akzioak jabetzan dituzuenak, zuek parte zareten enpresa, Palestinaren garbiketa etnikoarekin duen erantzukizunaren aurrean oraindik greba egun bakar bat ere antolatu ez duzuenak. Zer egingo duzue CAFek genozidei eraikitako “Palestina etnikoki garbitzeko tre(s)na” deseraikitzeko?
ELA eta LAB sindikatuak. Eztabaidagaia ez da orain arte egin duzuena. Eztabaidagaia orain arte egin ez duzuena da. Noizko greba mugagabeak genozidekin negozioak dituzten ehunka enpresa eta instituzioetan? Noizko greba orokor indartsuak Euskal Herrian?
Palestinako ehundik gora eragilek eskatzen digute Israeli boikota egitea, duela 20 urtetatik jada. Eragile batzuek oraindik ez dute bat egiten palestinarrek eskatutakoarekin, nahiz eta Palestinako herria erailtzen ari diren. Nahiz eta Palestinako herriaren lurrak lapurtzen ari diren. Nahiz eta palestinarrak orain gosez hiltzen ari diren. Mundu mailako beste hitzordu historiko askotara bezala, honetara ere, edo oraindik ez gara heldu edo berandu heltzen ari gara. Mundu mailako hitzordu horietara heldu ondoren, ordea, maila eman duen herria izan da Euskal Herria. Genozidekin lotura ekonomiko, politiko, kultural eta kirolezko guztiak mozteko ordua heldu da. Munduko herri guztientzako askatasuna, estatu kolonial eta genozidak suntsitu.
Julen Mendizabal Elezkano