Euskarazko komikigintza ikusgarri egitea helburu, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komiki Eguna sortu dute. Lehen edizioa eta ondoren etorriko direnak irailaren 29an izango dira, Olariagak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuen urteurrenarekin bat.
1977ko irailaren 29an aurkeztu zuen Olariagak Zakilixut –Egin egunkariaren lehendabiziko zenbakian–, geroztik milaka zinta izan dituena eta 48 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena –Berria-n–. "Orduan, 1970-80ko hamarkadetan, izan zuten hasiera euskarazko komikigintzaren ekimen garrantzitsu askok (Ipurbeltz, Habeko Mik, Napartheid...), gero beste batzuetan jarraipena izan dutenak (Xabiroi, H28, Tupust!...) eta gaur egungo euskarazko komikien oparotasun garaiotara ekarri gaituztenak", dio Euskal Komiki Egunaren antolatzaileek prentsara bidalitako oharrak.
Eguna iragartzeko logo edo kartel gisa, Erein argitaletxeak urte luzez atera zuen Ipurbeltz aldizkariaren lehenengo zenbakiaren "azal mitikoa" ari dira baliatzen, hura ere 1977an Olariagak egina.
Ekimen parte-hartzailea
Egun horretan egingo diren jarduera edota ekitaldiak ez dira modu zentralizatuan antolatu edo koordinatuak izango, sustatzaileen hitzetan. Norbanako komikizale zein komikigile, elkarte, argitaletxe, liburu denda, liburutegi, erakunde eta komunikabide oro dago gonbidatuta ekarpenak egitera, bakoitza bere modura. Hala, sortzaile eta irakurleek sare sozialetan marrazki, argazki eta bideoak partekatu ditzakete (haien "komiki kuttunen" ingurukoak, adibidez); iruzkin eta iritziak plazaratu; #EuskalKomikiEguna eta #komikiaeuskaraz etiketak erabili... Bestalde, denda eta argitaletxeei dei egin diete euskarazko komikien promozio bereziak (beherapenak...) eskaintzea, leku nabarmenetan bistaratzea eta aurkezpenak antolatzea, besteren artean. Komunikabideei, egunaren berri emateko; ikastetxe eta liburutegiei komiki-tailerrak, irakurketa-saioak edota solasaldiak antolatzeko; eta erakundeei herri mailako ekimenak bultzatzeko, adibidez.
Euskarazko komikigintza, "une oso onean"
Bai argitaratzen diren komiki-kopuruari dagokionez,bai horien kalitateari dagokionez, euskarazko komikigintza une oso onean dagoela diote Euskal Komiki Egunaren sustatzaileek: Bi datu eman dituzte, esandakoa berretsi aldera. Batetik, Xabiroi aldizkarian eta hainbat komunikabidetan aritzen diren zintagileak ahaztu gabe, azken urteotan 50 komiki album argitaratu dira urtero euskaraz. Bestetik, urte bakoitzean argitaratutako komikien heren batean euskal egile bat behintzat aritu da gidoian, marrazkigintza edo koloreztatzean.
Itzulpenetan oinarritutako gainontzeko euskarazko komikien artean Japoniako manga eta komiki frantziar-belgikarra da nagusi, baina badira beste jatorrietako komikiak ere: espainiar estatua, AEB, Britainia Handia, Alemania, Txile, Katalunia, Argentina, Italia, Portugal, Galizia... Bestalde, ia 30 itzultzaile aritu dira komikiak euskaratzen, zeintzuen artean emakumeak diren nagusi (bostetik lau); eta ia 20 argitaletxek argitaratu dute komikiren bat euskaraz. Kopuru aldetik nabarmentzen dira: Ikastolen Elkartea/Xabiroi, Harriet Ediciones, Astiberri, Txalaparta, Elkar, Ikaselkar, Hachette taldea, Nabarralde, Udalbiltza, Herrima, Erroak, Zortziko, Farmazia Beltza, Bang, Mintzoa, Denon Artean... Gainera, autoedizioak ere komiki asko ekarri ditu euskarara. Komikipedia-n aurki daitezke azken hamarkadetan urtez urte euskaraz argitaratu diren komikien zerrendak.
"Baina oraindik ere jendartearen parte handi batek ez du ohiturarik komikiak irakurtzeko, edo ez dauka euskarazko komikietan dagoen aberastasun handiaren berri", diote. "Ekimen honen bidez gure aletxoa jarri nahi dugu euskarazko komikigintza hedatzen laguntzeko, horrela euskal komikiari lagunduz eta jendeari komikiak gure hizkuntzan irakurtzearen plazera ezagutaraziz".