argia.eus
INPRIMATU
Iraila bete jarduera, Nafarroako Komiki Azokaren 13. edizioan
  • Ostegunetik (irailak 2) urriaren 2ra bitartean egingo da Nafarroako Komiki Azokaren 13. edizioa, Iruñean, Lizarran eta Azagran. Tiza elkarteak antolatuta, 30 jarduera baino gehiago eta 18 erakusketa bilduko ditu egitarauak, zeinaren zutabeetako bat Japoniako manga eta kultura izango den.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko irailaren 01

Hiru erakusketaren bitartez bidaiatuko dute bisitariek Japoniara. Katsuhiro Otomo komikigilearen Akira manga ederraren 40. urteurrenean, obra horren inguruan Nafarroako Arte eta Diseinu Eskolako kideek egindako sormen lanak bilduko ditu erakusketa batek. Bigarren erakusketan, manga komikietan espezializatutako Odaiba argitaletxe nafarrak publikatutako liburuen lagin bat izango da ikusgai. Eta hirugarrenean, Mone Sakihara ilustratzailearen marrazkiak. Shunga estiloa lantzen du Sakiharak; arte erotiko japoniarra, Edo aroan (XVII. mendean) garatua, urteetan debekaturik izan zen.

Komiki Azokaren webgunean kontsulta dezakezue Tiza kolektiboak antolatu dituen erakusketa guztiei buruzko informazioa. Baita dozenaka jardueraren ingurukoak ere. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, muralak, artistekin topaketak, ale-sinadurak, autoedizioko eta bigarren eskuko azoka... hamaika ekimen egingo da urriaren 2ra bitartean Iruñean, Lizarran eta Azagran. Tartean dira, besteak beste, Patxi Huarte Zaldieroa komikigilearen binetak bilduko dituen erakusketa; 1980ko hamarkadan Javier Minak eta Pedro Osesek plazaratutako komikiak –mendizaletasuna zuten gai nagusitzat– jaso dituen Non gogoa liburuaren aurkezpena; 30 urte bete dituen Secuestro en las Bárdenas komikiari omenaldia; edota Kike Infamek eta Mikel Begoñak prestatutako Azalak erakusketa, non ikusgai izango diren euskal komikigintzaren azal enblematikoak, tarte berezia eginez Nafarroan euskaraz plazaratutako lanei.