Inor gutxik ukatuko du ziurgabetasunez beteriko garai batean gaudenik. Krisi ekonomikoaren, ezegonkortasun politikoaren eta klima-aldaketaren inguruko mezuez inguraturik gaude. Ikaraturik bizi gara. Hori guztia gutxi balitz, globalizazioaren ondorioz, nazioen izaera zalantzan dago. Aldaketa kulturalek, halaber, gizon-emakumeen arteko harremanen aldaketa ekarri du; genero-rolak ezbaian daude, eta generoa bera ere.
Honen aurrean iraganaren gurtza ugaritu da sare sozialetan. Kontu batzuk garai sinple eta ustez egonkorragoen mira dira, egungo gizarte endekatu eta postmodernoaren aurrean. Itxura batean, kontu inuzenteak dira Mendebaldeko arte obra klasikoen, familia eta lagun-arte zoriontsuen edo XX. mendeko bigarren erdiko egunerokotasunaren irudiak partekatzen baitituzte, argazki eta bideo ederrez apaindurik.
Arazoa da kontu horiek sarri mezu kriptofaxistak zabaltzeko baliatzen dituztela. Helburu argia dute: iragan ustez perfektu edo hobe horren nostalgia zabaltzea, orainaldiari (eta etorkizun ezari) buruzko ezinegona haien aldera lerratu dadin. Espero dute horrela haien marko ideologikoak jauzi eginen duela sare sozialetatik iritzi orokorrera.
Mezu horietan nostalgia mota ezberdinak zabaltzen dituzte. Denetarik dago. Batzuek Mendebaldeko arte eta kultura klasikoak goraipatzen dituzte, oraingo kultura postmodernoaren aurka. Beste batzuek galdutako Inperioen falta sumatzen dute, Espainiak Ameriketan koloniak zituenekoa, esaterako. Ezin ahaztu, jakina, “Francorekin hobe bizi ginen” esaten dutenak. Dena hobe zen “dena pikutara joan aurretik” edo “gizonak benetako gizonak zirenean” edo “wokismorik ez zegoenean” edo “oraindik baloreak genituenean”. Sentimendu hori ezkerreko korronteen artean ere zabaldu da.
Nostalgia azken finean sentimendu bat da, eta ez dago gaizki noizik behin nostalgiko sentitzea, denok gozatzen baitugu haurtzaroa eta gaztaroa gogoratzen. Baina halako kontuek sentimenduokin jolasten dute, jarraitzaile despistatuen artean irrika biziak eragiteko. Atseginagoa zaigu iragan heroiko eta idealizatu bat, orainaldi deseroso bat baino.
Baina hori guztia lilura hutsa baino ez da; gurtzen duten iragan hori, hain dago idealizatua, ez dela egia. Ezinezkoa den garai batera itzultzea proposatzen dute. Izan ere garai bateko arte obrek ere, gaur egun bezala, polemika biziak eta kritikak sortu zituzten. Halaber, gu gehienon arbasoak, ziur aski, gu baino okerrago bizi izan ziren, behe-mailako herritar arruntak baitziren, Antzinatean, Erdia Aroan nahiz frankismoan. Historian zehar, bestalde, gizon-emakumeen arteko harremanak eta gizon- nahiz emakume-ereduak aldatzen joan dira, eta gainera, beti izan dira orientazio eta identitate disidenteak. Bada 1980ko eta 1990eko hamarkadetako bizimodua goraipatzen duenik, langabezia, droga kontsumoa edo kaleko segurtasun eza ahazturik.
Horrexegatik dira hain garrantzitsuak iraganaren ikuspegi kritikoa duten historialariak. Orduko eta egungo miseriak azalerazi behar ditugu. Nostalgia sentimendu hori, hein batean, progresu edo aurrerabide ilustratuaren porrota da, eta baita aldaketen aurkako erresistentzia antzua ere. Iraganari begiratzeko dugun moduak gehiago esaten du orainaldiaz iraganaz baino.