argia.eus
INPRIMATU
Sergio Escribano Ruiz
“Iragan kolonialaren gaineko ardura hartu beharko genuke euskaldunok”
  • Sergio Escribano Ruizek (Mungia, 1977) zuzentzen ditu Sancti Spiritu gotorlekuko indusketa arkeologikoak, gaztelarrek Hego Amerikan ezarritako lehenengo asentamendua. Ikerketak testuetan jarritako historia koloniala ezbaian jartzeko aukera eskaini dio.

Aiaraldea @aiaraldea Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 07a
Laudioko bizilaguna da Sergio Escribano. Aiaraldea.eus

Argentinan izan zara berriki, kanpaina arkeologiko batean parte hartzen.

Nire burua kokatu beharra dut oraindik; Argentinan izan naiz baina Euskal Herriko parte handi bat han dago ere. Espainiako Kultura Ministerioak finantzatutako proiektu bat garatzen ari gara Argentinan. Gaztelarrek bertan eraikitako gotorleku baten aztarnak topatzea izan da gure helburu nagusia. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak ari gara proiektua gidatzen, eta Argentinan Santa Feko gobernuarekin jardun dugu elkarlanean, haiek dira gure partner-ak. 2010ean abiatu genuen ikerketa, Agustin Azkarateren zuzendaritzapean; orain nik zuzentzen dut.

Koka dezagun indusketa eremua geografikoki.

Aipatu bezala Argentinako Santa Fe probintzian dago kokatuta, Rosario hiritik hurbil. Puerto Gaboto herrian hain zuzen ere, bertan aurkitzen da ikertzen ari garen Sancti Spiritu gotorlekua.

Zer garrantzi du gaztelarrek eraikitako gotorleku hark?

Europarrek Hego Konoan ezarritako lehenengo asentamendua da Sancti Spiritu gotorlekua, 1527an. Gerora iritsiko ziren gainerakoak, Buenos Aires esaterako. Historiografiak ezkutatu egin du Sancti Spirituko pasartea, porrot bat izan zelako. 

Lehenik eta behin, aipatzekoa da izen historikoek inguratzen dutela gotorlekuaren kontakizuna, horien artean Sebastian Gaboto. Bera Giovani Gaboto itsasgizon ezagunaren semea izan zen, eta, aitarekin batera, Ternuako kostaldera iritsi ziren lehenengo europar espedizioa gidatu zuen. 

“Europarrek Hego Konoan ezarritako lehenengo asentamendua da Sancti Spiritu gotorlekua”

Ternuako espedizioaren ostean, Sebastianek Karlos V.arekin ituna sinatu zuen Moluka Uharteetatik espezieak ekartzeko. Indonesiako uhartedira bidean zela, ordea, zilarrezko mendi bat bazela entzun eta Rio de la Platan gora egitea erabaki zuen, sinatutako kontratua apurtu eta aberastasunez beteriko leku horren bila joateko.

Ibaian gora egin eta Carcaraña eta Coronda errekek bat egiten zuen tokian gotorlekua altxatzea erabaki zuen, esplorazioa bertatik zuzentzeko helburuarekin. 1527an eraiki zuten fuertea, eta hau happy ending istorio bat denez, bertako indigenek 1529an eman zioten su eraikuntzari.

Zer da zehazki bertan aurkitutakoa?

Bertan geratzen direnak gotorlekuaren aztarnak dira. Oso material galkorrekin eraikitako azpiegitura zen, oso harri gutxi dago. Lurrean egindako lubaki bat antzeman daiteke argitasunez. Lubaki horren kontra buztinezko horma bat eraiki zuten eta horren atzean eraikuntza nahiko laukizuzena eraiki zuten. Hori guztia iturri idatzietan dago jasota. Iturri idatzietan jasota ez dagoena da gotorlekua eraikitzeko bertan aurretik zegoen herria suntsitu zutela.

Garai hartan idatzizkoetan esaten dute tokiko biztanleekin egoera “baketzeko” eraiki zutela gotorleku hura. Argi dago diskurtsoan badagoela kontraesan bat, ez da logikoa tokikoekin harreman ona inposatzeko gotorleku militar bat eraikitzea. Espainiarren presentziak inposatutako egoera bat izan zen. Bertako herrixkak gutxienez ehun urte gehiago zeramatzan bertan.

Gotorlekua ez ezik aurretik zegoen herrixka indigena ere ikertzen aritu zarete.

Historiografian beti esan izan da Amerikako herri indigenak nomadak zirela, ez zeudela errotuta. Gizarte horiek gutxiesteko erabili izan da argudio hori, gizarte konplexuak ez zirela demostratzeko. Guk topatutako arrastoek guztiz kontrakoa erakusten dute. Baieztatu dugu, gutxienez, XV. mendetik bertan zirela, eta arrantzaleak baziren ere nekazaritza praktikak zituztela; herri nomaden tesiarekin bat ez datozen ezaugarriak. Gizarte konplexuak ziren, jarduera ekonomiko desberdinak zituztenak. 

"Askotan esan da Amerikako herri indigenak nomadak zirela, ez zeudela errotuta. Gizarte horiek gutxiesteko erabilia izan da argudio hori, gure ikerketak kontrakoa erakutsi du"

Momentu askotan gotorlekuaren eta herrixkaren arrastoak elkarren artean nahasten zaizkigu. Nola dakigu herrixka aurretik zegoela? Bada, gaztelarrek egindako lubakiak bertako etxeetako habeak sartzeko zuloak erditik mozten dituelako. Estratigrafian material guztiak batera ageri zaizkigu. Guri dagokigu hauek sailkatzea eta banatzea. Jakin badakigu gaztelarrek gotorlekutik kanpo etxeak eraiki zituztela; gure helburua da eraikin horiek topatzea, baita aurretik bertan zegoen herriari buruz ahalik eta informazio gehien biltzea ere.

Zer dakigu bertako herri indigenaz?

Chana-Timbuak ziren, Hego Amerikako herri indigenetako bat dira. Gaur egun Chana-Timbuen oinordekoak direnek osatutako Chana elkartea bidelagun izan dugu indusketan. Lapurtua izan zaien historia zatitxo bat berreskuratzen ari gara guztion artean.

Aipatu duzu iturri idatzietan luze jasoa dagoela gotorlekuaren historia.

Bertsio ofiziala bai.

Lagungarria izango da iturri guzti horiek eskura izatea, indusketan murgiltzeko orduan.

Ulertu behar da arkeologiak duen subalternitate konplejua. Arkeologia historikoa deritzona beti egon da bigarren maila batean, iturri idatziak izan direlako beti lehenetsiak. Historialarien zerbitzari garela esan ohi da maiz, historialariek esaten dutena berresteko gaudela arkeologoak.

Ulertuta gure erregistroak izan ditzakeen mugak, iturri idatziak baliagarriak dira modu kritiko batean interpretatuz gero. 

Historia kolonialean nork dauka hitza? Nork dauka idazteko aukera? Sancti Spiritu gotorlekuarena bezalako testuinguru batean, non bi mundu elkartzen diren, eta bakar batek duen iturri idatzi bat sortzeko aukera, bertsio bakarra ari gara jasotzen.

“Mesfidantzaz begiratzen diogu askotan erregistro historikoari, badakigulako nork idatzi zuen eta zein helbururekin”

Iturri idatzia Amerikaren konkistan gertatutakoak zuritzeko baliatu zen: garrantzitsuena ez zen zer egiten zenuen, baizik eta nola esaten zenuen egiten zenuela. Horregatik mesfidantzaz begiratzen diogu askotan erregistro historikoari, badakigulako nork idatzi zuen eta zein helbururekin.

Indusketak erakutsi du iturri idatzietan konkistatzaileek ezkutatu nahi izan zuten biolentzia.

Hori da. Horregatik da beti interesgarria bi iturriak (historikografikoak eta arkeologikoak) kontuan hartzea. Hau ez da kritika bat iturri idatziei, inondik inora; bere testuinguruan ulertu behar ditugu, ordea. Arkeologiak gertatutakoaren argazki gordinagoa eskaintzen du, iturri idatziak, aldiz, gehiago zentratzen dira detaileetan. Biak ondo uztartuz, prozesu orokorra hobetu uler genezake, horrela egin behar du lan arkeologia historikoak.

Ikerketaren muinera itzuliz, zertan datza bertan berreraikitzen ari zareten pasarte historikoa?

Gaztelako koroarekin zuen kontratua hautsi eta bere kabuz abiatu zen konkistatzaile [Sebastian Gaboto] baten ibilbidea ari gara berreraikitzen. Interesgarria da, izan ere, kolonialismoaren irudi oso zentralista saldu digute, bereziki XIX. mendeko testuetan. Sancti Spiritukoak erakusten du nola konkistatzaile haiek bazirela kasik jaun feudalen antzekoak. Horienak enpresa indibidualak ziren askotan.

Aztarnategira bueltatuz, zer eraiki zuten eta bertakoekin nolako elkarbizitza izan zuten ikertzen ari gara. Ikusi dugu nola prestatuak ez zeuden egoera bati erantzuteko sortu behar izan zutela gotorlekua, eremu defentsibo bat alegia. Argi eta garbi espedizioaren aurreikuspenetatik kanpo zegoena. 

Baieztatu dugu ere bertako herri indigenekin harreman anbibalentea izan zutela gaztelarrek. Herri indigenak ez dira homogeneoak, eta Chana-Timbuen aurka egin bazuten ere, Guaranyekin komertzioa eta elkarlana sustatu zutela erakusten duten arrastoak aurkitu ditugu. Azkenik, nola ustez gotorlekua erre zuten, uste genuen erreketa horren zantzu gehiago topatuko genituela.

Material arkeologiko ugari berreskuratuko zenuten.

Bai, eta asko bertako herri indigenekin elkartrukean baliatzeko materiala izango zen ziurrenik. Lepokoen Veneziako beirazko kristalak, oso ohikoak elkartrukean ibiltzeko. Merkurioa topatu dugu, Europatik medikuntzan aritzeko ekarritako elementua izan zitekeena. Sevillako zeramika elementu dezente aurkitu ditugu. 

Dadoak ere topatu ditugu. Bitxia da dadoena, zeren eta, berriz ere iturri idatzietara bueltatuz, gaztelarrek debekatuta zuten jokoan aritzea; arkeologiak, ordea, kontrakoa erakusten digu. Beste hamaika analisi ere egin ditugu. Hala nola, analisi polinikoak. Ustez Sancti Spiritutik sartu zen garia Hego Ameriketan, eta hori baieztatzen du erregistroak.

Gauza nahikotxo ikertzeko aukera izan dugu jasotako diru-laguntzari esker. Geroz eta aukera gehiago ditugu toki baten memoria berreskuratzeko: zer nolako animaliak zeuden faunaren kontsumoari erreparatuta, zer paisaia mota zegoen polen analisiari esker, zer egur mota erabiltzen zuten… Orainaldiko geroz eta zientzia gehiago ari gara aplikatzen iraganean.

Zer gertatu zitzaion espedizioari 1529an gotorlekua erre ostean?

Badakigu Gaztelara bueltatu zirela eta erregeak epaitu zituela. Hain zuzen ere, ditugun iturri idatzi gehienak epaiketakoak dira. 

Kutsu koloniala du oraindik Mendebaldeko historiografiak?

Narratiba handi bat sortu da Amerikako konkistaren inguruan. Guk bertsio ofiziala den meta-narratiba horien aurka egiten duten istorio txikiak aldarrikatzen ditugu. Historiografiak eta iturri idatziek askotan egiten dutena hori da, gertatutakoa zuritu, kontakizun handi baten barruan.

Euskaldunak ere horren konplize izan gara.

Sancti Spirituko ikerketa abiatu genuenean ez genuen hain presente euskaldun jendea. Europar espedizioaz hitz egiten da nagusiki; baziren frantsesak, Sebastian Gaboto bera italiarra zen… Nik nahiago dut gaztelar espedizioaz mintzatzea. Kolonialismoaz hitz egitean euskaldunok beti zuritu dugu gure burua esanez hori espainiarren kontua zela. Guk Ternuako eredua aldarrikatzen dugu, non baleen bila joandakoek erlijioa beharrean “gure hizkuntza zoragarria” eman zieten bertakoei. Baina zertara joan ginen Ternuara, ez bazen estraktibismo politika zurrun bat gauzatzera? Akaso ez zen harreman gatazkatsua izango, baina Euskal Herrian ditugun XVI. Mendeko eliza loratsuak Ternuako xahutzearen emaitza dira. Hemen ez dago barkamenik, ideia kolonialistak euskaldunek ere barneratu zituzten. Ternuatik hegoaldera ere, euskal toponimoz josita dago Amerikako kontinentea. Ahanztura historikoa dago, eta euskaldunok egindakoaren jabe izan behar gara. Erreparazioa ere etor daiteke gure aldetik. Euskaldunok ardura hori hartu beharko genuke gure gain, espainiarrei bakarrik leporatu beharrean.

“Zertara joan ginen Ternuara, ez bazen estraktibismo politika zurrun bat gauzatzera?”

Euskaldunak ere izan ziren Sancti Spiritus gotorlekuan.

Asko izan ziren  Gabotoren espedizioan aritu ziren euskaldunak, tartean aiaraldearren bat edo beste. Jasota dagoenaren arabera, Orozkotik abiatu zen Juan de Orozco delako batek parte hartu zuen bertan, baita Martin Vizcaino jatorri bizkaitarra izan zezakeen beste batek ere. Sancti Spiritu inguruko herriren batean janaria lapurtu zuten Orozcok eta Vizcainok, eta azken hau urkatu egin zuten, Gaboto beraren aginduz. 

2027an Sancti Spiritu gotorlekuaren eraikuntzaren 500. urteurrena izango da.

Bai, eta guk begirada urte horretan kokatuta daukagu. Datorren urtea trantsizio urtea izango da, bosgarren mendeurrenean egin nahi duguna prestatzeko. Santa Feko gobernuarekin elkarlanean ari gara horretarako. Bi mendeurrenak ospatuko ditugu 1527ko eraikuntza eta 1529ko eraisketa.

Indusketa kanpaina handiago bat egin nahi dugu, gotorlekuaren ate nagusia identifikatzea helburu. Azken ikasturte honetan bezala indusketak Rosarioko Unibertsitatearekin eskainitako ikastaroekin uztartuko ditugu. Esperientzia aberasgarria ari da izaten, gure indusketa teknikak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ikasleek, eta kanpainak badu konponente didaktikoagoa.