Ikasleekin diruaren eta zorionaren arteko loturaz ari garela, bat-batean ur handitan sartu gara betiko erretorika zahar hori agertu denean: “Loteria irabazi… ko? ko. Nu..? … ez. Ermm…” Baldintza. Behin bakarrik saiatu izan naiz ikasle hauekin egoera hipotetikoak lantzen eta haien ikara aurpegiak ikusitakoan erabaki nuen, agian, errealitatean mantentzea komeni zela oraingoz.
Ordea, gizakiok, benetan entzunak izan nahi dugunean, badugu bestelako ahalegin bat egiteko gaitasuna. Eta haren lanpostutik euskaltegira leher-leher eginda ailegatzen den ikasleak badu zer esan honen inguruan. Saiakera pare bat bota dituzte. Ni kontent, sekula ez dutelako benetan zerbait esateko beharra dutenean bezain azkar ikasiko hori esaten.
Halako batean, Josuk lan egitea bera zer den zalantzan jarri nahi izan du. Horretan zebilela, esaldi pare bat nahasi zaizkio eta nik entzundakoa deskorapilatu nahian honakoa idatzi dut arbelean:
Gustatzen zaizuna egiten baduzu…
Egiten duzuna gustatzen bazaizu…
Idatzitakoaz konturatu naizenean arbelari so geratu natzaio irribarretsu. Duela gutxi aldatu dut lanpostuz. Ingeles-eskolak ematetik euskara-eskolak ematera pasa naiz. Ez dirudi aldaketa handia denik, baina niretzat aldaketa izugarria izan da. Bi esaldien esanahien arteko aldea bezain handia, agian. Gustuko duzuna egiten, egiten duzuna gustuko... Begok atera nau nire baitatik komunetik itzuli denean eta konturatu naiz pare bat minutu neramatzala ezer esan gabe.
–Bego, zuretzat, esaldi hauek esanahi bera al daukate?– Oso ikasle fina denez, primeran itzuli dizkit gaztelaniara, baina ni beste erantzun baten atzean nenbilen eta klasetik atera ostean berrekin diot barrundatzeari.
Nahiz eta momentuan aurreikusi gabe atera diren, ez da lehen aldia bi esaldi horiek bata bestearen ondoan ikusi ditudana. Agian ustekabeko eragileak egin du momentua berezi, baina bada beste zerbait mugitu nauena. Idatzitakoa irakurri bezain laster hasi naiz buruari bueltak ematen eta nire bizitzari erreparatuz, azkeneko hilabetean pentsatu dut. Urrian beste zerbait idatzi izanen nuen arbelean. If you did what you enjoy… if you enjoyed what you do… Eta ez zitzaidan berdina gertatu izanen.
Hasierako gai horretan pentsatu dut, alegia, zorionaren eta diruaren arteko loturan. Soldata hobea edukiko dut orain, baina ez nuen horretan pentsatu lan eskaintza hori onartu nuenean. Geroago konturatu nintzen. Aitortuz, noski, nolabaiteko egoera “pribilegiatu” batetik abiatzen naizela, pentsatu dut gure oinarrizko beharrak aseak direnean eta gure ekonomiari dagokionez erdi lasai bizi gaitezkeenean, diruak ez duela horrenbeste gehitzen. Edo bai? Eta zein da minimo hori? Agian berogailua daukan pisu batera aldatuko nintzateke. Edo, agian, supermerkatuan ez nieke prezioei horrenbeste erreparatuko. Hobe! Arrandegian, fruta-dendan, eko-dendan… Ba, agian, minimoa egon bada, baina ez dakit zehazten non den.
Ordea… besteari dagokionez? Gustatzen zaigun horri dagokionez? Zein jardun jasan dezaket eta zein disfrutatzen dut? Agian ez nuke nire bizitzarekin ezer egin nahiko eta aisialdian bota nahiko nituzke egunak… Baina badakit, diruan pentsatu gabe ahalegin handiagoa eskatuko zidan eta lanaldi luzeagoa zekarren eskaintza hori gogotsu onartu nuelako, hori ez dela egia.
Kontu pertsonal eta politikoak tarteko, lanaren sari bakarra soldata izatetik, abstraktuagoa den zerbait ere izatera pasa da hilabete honetan. Maslowen piramidearekin akordatu naiz orain. Tira, beharbada hezkuntzaren psikologia eskola horretan ikasitakoa ez zen horren alferrik izan eta argi ikusi dut orain, kontu sakonez ari naizela orduan. Eta ni ez naiz ez psikologoa ez filosofoa. Badakidan gauza bakarra da, orain, loteria irabaziko banu, ez niokeela lan egiteari utziko.
Laida Erro Diez