“Tragikoki”, IRA Berriak bere ardurapekotzat jo du Mckeeren hilketa. Kazetari gaztearen lagun eta senideei “benetako barkamena” eskatu die.
Asteburuan burutzear ziren poliziaren kontrako erasoen berri ematen zuen filtrazio bat tarteko, Poliziak miaketak egin zituen ostegunean Derry hiriko Mulroy Park eta Galliagh auzo errepublikanoetan, armak aurkitu asmoz. Jazoerek istiluei eman zieten bide, Creggan auzokoak izanik indartsuenak. Norbanako talde batek poliziari molotov koktelak bota zizkion, eta bi polizia auto erre. Ostean tiroketa hasi zen, eta orduantxe zauritu zen lanean ari zen Mckee kazetaria, balaz jota. Erietxera eraman bazuten ere, hil egin zen.
29 urteko kazetaria polizia auto baten atzealdean zegoen tiroz jo zuten momentuan, gertakariak sakelakoarekin grabatzen. Kaliforniako Mediagazar atarirako lan egiteaz gain, LGTBI komunitateko ekintzailea ere bazen.
"Etsaia erasoan ari zela, Lyra McKee tragikoki hil zen indar etsaien ondoan zegoela", adierazi du IRA Berriak. Istiluak poliziaren probokazioek eragin zituela eman dute ulertzera: "Ostegun gauean, britainiar koroaren indarrak goraino armatuta sartu ziren Creggan auzoan, eta IRAk bere boluntarioak atera zituen".
Asteartean, hilketarekin loturan, poliziak 57 urteko emakume bat atxilotu de Creggan auzoan bertan, eta galdeketa egitera eraman.