Filipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen ekitaldia larunbatean. Nafarroaren Eguna ere ospatu dute igandean Baigorrin, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia elkartzen dituen jaia.
IK Iparretarrak erakunde armatuko sei militanteren aurpegiak irudikatzen dituen margolan bat aurkeztu dute larunbatean Baigorrin (Nafarroa Behera): Txomin Olhagarai, Ramuntxo Arruiz, Didier Lafitte, Maddi Hegi, Kristof Isteque eta Jean Louis Larre Popo. Sei horietatik bost hilik daude. Popo 1983ko abuztuan Frantziako Poliziarekin Landetako Leon herrian izandako tiroketa baten ostean desagertu zen, eta ez da haren berri gehiagorik eduki geroztik. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarrak egin du margolana herri sarrerako etxe baten kanpoko horman, eta Lagundu elkarteak antolatu du aurkezpen ekitaldia.
Filipe Bidart baigorriarrak eta IK-ko militante historikoak hartu du hitza omenaldian. Haren arabera, "memoria zaindu eta oroitaraztea beharrezkoa" da, aurreko belaunaldiek egindakoa "ezabatu" nahi baitute: "Zer gertatu zen aipatu behar da, gure historiaren parte baita. Iragana oroitaraztea ezinbestekoa da, iraganak oraina esplikatzen baitu". Bidartek Kazeta-ri aipatu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitaraztea" du helburu margolanak, IK-ko militanteak solik ez eta "Euskal Herriarentzat erori diren militante guztiak" ere bai.
Lagundu elkarteko kideek paretek mintzatzeko duten ahala azpimarratu dute: "Betidanik mintzo dira Euskal Herriko paretak, nahiz eta beti denen gustukoa ez izan. Interneten eta telefonoen garai horietan, paretek badute beti arrakasta". Horregatik, pareta batzuk "isildu eta garbitu" nahi dituztela salatu dute, "zuri eta mutu" uzteko.
Aurkezpena egiteko egun berezia
Ekitaldirako data esanguratsua aukeratu dute antolatzaileek: 1979tik egiten den Nafarroaren Egunaren bezpera eta Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrena. Lotura egin dute azken gertakari horrekin, "Gernikan izan zen sarraskian hil zinenei eta, oro har, Euskal Herriaren historian zehar bizia galdu duten euskaldun guztiei" omenaldia eginez.
Nafarroaren Eguna ere hartu du Baigorrik
1979tik ospatzen dute Nafarroaren Eguna, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia lotzen dituen jaia. Basaizea elkarteak antolatzen du eguna, eta aurtengo edizioa Baigorrin egin dute igandean. "Euskararen kateek inoiz baino indar gehiago" behar dutela azpimarratu dute antolatzaileek, azken hilabeteetan kate horiei eraso egiteko "etengabeko saiakerak" egin badituzte ere. Hain zuzen, Basaizeak "eskuin muturra eta faxismoa geroz eta indar eta leku gehiago" hartzen ari dela gogoratu du, eta horren aurrean, "kateak lotzera" dei egin du.