argia.eus
INPRIMATU
Iparragirreren musika entzungo da Kantabriako auditorio nagusian
  • Larunbat honetan Jose Mari Iparragirre urretxuarraren musika entzungo da Santanderren, Kantabrian, bi urretxuarren eskutik: Gorka Hermosa konpositorea eta Juan Luis Escudero aktorea.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 26a
Gorka Hermosa Oscar Sanchez

2020an bete ziren 200 urte Jose Mari Iparragirre jaio zenetik, eta urteurren horren harira Urretxutik mundura suite sinfoniko-korala egitea enkargatu zion Urretxuko Udalak Gorka Hermosa konpositoreari. Donostiako Trinitate plazan estreinatu zen urtemugaren testuinguruan, eta handik gutxira Urretxun bertan –EiTBk grabatu zuen saioa; hemen ikusgai–.

Bada, orain, Juan Luis Escudero herrikideak lagunduta, Santanderren (Kantabria) eskainiko da larunbatean, apirilaren 27an. Ordubetez, beraz, euskaraz entzungo da Kantabriako auditorio nagusian. Urretxuko Udalak autobusa antolatu du bertara joateko. Kontzertuan, bi urretxuarrekin batera, Marina Pardo mezzosorpanoa ere egongo da. Kantabriako Elkarte Filarmonikoaren Orkestra Sinfoniko eta abesbatzak kantatuko du, César Vinagrerok zuzenduta.