Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez eta onurez jabetzen direla, eta hegoalde globalak, berriz, inpaktu sozialak eta ekologikoak jasaten dituela. Global Environmental Change aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian.
Environmental Justice Atlas (EJAtlas) mapa interaktiboaren datuen azterketaren bidez lortu dituzte emaitzak. Mapa interaktibo horretan, erauzketekin lotutako mundu osoko 4.300 gatazka baino gehiago daude jasota, hala nola meatzeak, oliobideak edo presa hidroelektrikoak direla eta sortutako borrokak.
Ehun konpainia gatazkatsuenak –horien artean, Shell, Glencore, Repsol eta Bayer-Monsanto– atlasean dokumentatutako 5.500 enpresen % 2 baino ez dira, baina aztertutako gatazken % 20an parte hartzen dute. Konpainia horietako gehienak erraldoi transnazionalak dira, eta energiaren, meatzaritzaren eta hidroelektrizitatearen sektoreetan jarduten dute. Egoitza iparralde globalean duten arren, haien jarduerek ondorio larriak eragiten dituzte hegoalde globaleko komunitateetan.
Hain zuzen ere, ikerketaren arabera, iparralde globaleko konpainien erauzketa-proiektu gatazkatsuen ia erdia hegoalde globalean kokatzen dira. Gainera, herrialde pobretuetako gatazketan parte hartzen duten enpresen %50 AEBtik, Txinatik, Europatik edo halako lurralde ekonomiko garatuetatik datoz.
Konpainia transnazionalek balio handiko edo ingurumen-aztarna handiko produktuekin (artoa, kotoia, petrolioa, gasa edo mineral arraro eta preziatuak) lotutako gatazkekin dute zerikusia. Aldiz, balio txikiagoko baliabideekin erlazionatuta sortzen diren gatazketan (ikatza, hondakinak...), batez ere, konpainia nazionalek parte hartzen dute.
Ikerketak erakusten du, halaber, konpainia transnazionalek proiektu horietan parte hartzeak larriagotu egiten dituela tokiko biztanleentzako gizarte- eta ingurumen-ondorioak: lekualdatze behartuak, lurrak galtzea, bizibideen eta jakintza tradizionalen galera, baita emakumeen eta indigenen gaineko kalteak ere. Kasu askotan, gatazka horiek errepresioa eta ustelkeria eragiten dituzte, baita komunitateko liderren eta ingurumen-ekintzaileen hilketak ere.
Ikertzaileek salatu dutenez, konpainia horietako askok NBEren Mundu Hitzarmena eta antzeko ekimenetan parte hartzen duten arren, haien jardunbidean ez dituzte hitzartutako irizpideak betetzen. Horrez gain, azpimarratu dute kontrol-neurriak alferrikakoak direla, eta beharrezkoa dela sistema aldatzea. Europako Legebiltzarreko azken erabakiek, ordea, konpainiak arduragabetzeko asmoa dutela ohartarazi dute.